Ander Lizarraldek Euskal Herriko IV. Uztai Txapelketa irabazi du, Joanes Balentziagarekin batera

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 13a, 14:55
Argazkia: MAIALEN ETXANIZ/UZTARRIA

Behi Suharraren IV. Eguna ospatu zuten igandean Azpeitiko zezen plazan. Goizean, eguraldiari aurre eginda, Euskal Herriko IV. Uztai Txapelketa jokatu zuten, eta jende ugari bertaratu zen zezen plazara. Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak jantzi zuten txapela.

Joanes Balentziagak eta Ander Lizarraldek jantzi zuten txapela Azpeitiko zezen plazan jokatutako Euskal Herriko IV. Uztai Sariketan. Euria goian behean ari zela ekin zioten Behi Suharraren IV. Egunerako antolatutako ekintzei, uztai txapelketarekin. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere jende ugari bertaratu zen ikuskizunaz gozatzera, eta giro ederra izan zen zezen plazan.

Guztira, hamar ganadutegik parte hartu zuten Behi Suharraren Egunean: Bergarako Zezenak, Manzarbeitia, Leizarran, Marques de Saka, Ibiri, Lopene, Zelai Luze, Arno, Ruso eta Azpeitiko Berrosueta. Ganadutegi bakoitzak behi bat jarri zuen, eta behi bakoitzarekin izkingile bikote bat aritu zen. Estu egon zen lehia, parte hartu zuten bikote gehienek uztai bat sartzea lortu baitzuten. Berdinketa egon zenez, epaimahaiak beste irizpide baten arabera aukeratu zituen txapeldunak. Hain zuzen, uztaia azkarren sartu zuen bikotea izendatu zuten irabazle. Horrenbestez, Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak jantzi zuten txapela. 

Uztai Txapelketako irabazleak ez ezik, proba horretan erabaki zuten zein izan zen behirik suharrena; hau da, ausartena edo izkingileei zailtasun gehien jarri zizkiena. Bergarako Zezenak ganadutegiko Begibeltz izan zen behirik onena, Balentziagarekin eta Lizarralderekin aritu zen behia, hain zuzen. 

Ikusi albistearen argazki galeria Uztarria-ren webgunean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!