Vicente Ameztoyren artelan bat eskuratu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 8a, 17:40

Amasa-Villabonako udaleko Kultura sailaren ekimenez, udalak Vicente Ameztoy artista billabonatarraren artelan bat eskuratu du eta udaletxeko batzar aretoan ezarri du, aurrerantzean bertan ikusgai egon dadin. 

Aurten Bilboko Arte Ederretako museoan Vicente Ameztoyri eskainitako erakusketa entzutetsua izan da eta udal ordezkariak ere bertan izan ziren. Aipatzekoa da Kultura sailak autobusa eta bisita gidatua antolatu zituela aipatutako erakusketarako. Kultura sailak, ziurrenik herriko artista ezagunena den Ameztoyren artelan baten jabe izateko aukera aztertu zuen eta Virginia Ameztoyrekin harremanetan jarri zen. Harreman horrek fruituak eman zituen eta udalak Vicente Ameztoyren paper gaineko grabatu bat erostea erabaki du.   

Artelanak ez du izenbururik (Ameztoy-ren artelan ia denek bezalaxe) eta Baroja Colletek egindako krema koloreko paper gaineko grabatu bat da. Grabatu honek, hain zuzen, artistaren koadro baten detaile bat irudikatzen du; Vicentek 1974an plantxa bat egin zuen, aipatutako detailearen irudiarekin, eta orain, Bilboko Arte Ederretako Museoko erakusketa izan dela aprobetxatuz, familiak grabatu horren 50 kopiako edizio bat egiteko eskatu dio aipatutako Baroja-Colleti, zenbaki erromatarretan numeratutako beste sorta txiki batez gain.

Udalak 500 euroko inbertsioa egin du artelanaren jabetza eskuratzeko eta Virginia Ameztoy berak egin du artelanaren entrega, ziurtagiri ofizialarekin batera. Udal gobernuak ekimen hau babesten du, kulturan inbertitzea etorkizunean inbertitzea dela iritziz eta udala, alegia, Amasa-Villabonako herria, Ameztoyren artelan baten jabe izatea albiste positiboa eta pozgarria dela baloratzen duelako. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!