Gripearen aurkako txertoak jartzen hasiko dira Gurea aretoan

Ataria 2020ko urriaren 8a

Aurten, antolaketa arrazoiengatik, txertoa Villabonako Gurea zine aretoan jarriko da 10:15etik 16:30era. Hitzordua eskatu beharko da aurrez, herriko osasun etxera deituta, 943 00 69 70. Urriaren 13an hasiko dira txertaketak.

Gripea oso kutsakorra denez, oso azkar hedatzen da. Pertsona gazte eta osasuntsuei eragiten dienean ez du arazo handiegirik sortzen, eta ohean atseden hartuz eta sendagai egokiekin pasatzen da. Baina, adinekoei edo osasun-arazoak dituztenei eragiten dienean, konplikazio larriak sortu ditzake. Beraz, talde horietako lagunentzat bereziki mesedegarria da txertoa jartzea. Horregatik, Amasa-Villabonako Udalak urriaren 13an hasiko den gripearen aurkako txertaketa-kanpainan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.


Kanpaina honetan txertatuko diren pertsonak 65 urtetik gorakoak eta arrisku-talde nagusienetakoak dira (BGBK, diabetesa dutenak, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenak eta haurdun daudenak). Osasungintzako profesionalak, langile sozio-sanitarioak eta familia-inguruneko zaintzaileak ere txertatuko dira.Txertoa jarri nahi dutenek baina aurreko taldeetako batean ez dauden pertsonek urriaren 31tik aurrera deitu beharko dute anbulatoriora, lehen fasean arestian deskribatutako arrisku taldeei emango baitzaie lehentasuna.

Azkenik, Amasa-Villabonako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei eman duten laguntzagatik eta parte hartzeagatik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!