'Emakumea*, espetxea eta zaintza' mahai ingurua egingo dute Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 6a, 19:58
2018an Ibarrako kultur etxean gai beraren inguruan antolatutako mahai ingurua

Urriaren 14an, asteazkena, 19:00etan Subijana etxean egingo da Lurgatz talde feministak antolatuta. Esti Amenabarro Iraola, Maite Aranalde Ijurko, Estitxu Eizagirre Kerejeta, Maite Ortiz Garzia, Katia Reimberg eta Nekane Txapartegi Nieve izango dira hizlariak.

Garrantzi berezia du Lurgatz talde feministarentzat urriaren 14rako antolatu duten mahai inguruak, "COVID-19aren baitan bizi dugun egoerari probetxua atereaz, mugimendu feminista isilarazten ari baitira". Espetxe sistemak, egiturazko desberdintasunak "errepikatu eta legitimatu" egiten dituela eta desberdintasun horren gainean "sendo" eraikita dagoen sistema dela uste du Lurgatzek: "Zer itxaron daiteke sistema usteldu hau sortu eta sostengatzen duten instituzioengandik?".

Momentu honetan, mugimendu feministan zaintzaren alorra sakonki ari dira lantzen eta mahai inguruan  emakumeek espetxe munduan burutzen duten zaintza lana jorratuko dute. "Beste hainbat arloren antzera emakumeak espetxearen inguruan egiten duen lana ikusezina da, eta bistaratu ahal izateko, mahai gainean jartzearen beharra ikusten dugu". Emakumeak espetxez kanpo egiten duen zaintza lanaz harago, barruan bizi duen egoeraren berri ere emango dute mahai inguruan.

Villabonako talde feministak "presozidioa" ere aipatu nahi izan du. "Izatez espetxe politikak feministak ez direla jakinik, orain COVID-19a dela eta, okerrera jo dute. Esaterako, Salhaketaren hitzetan gutxienez 118 preso hil dira aurten Espainiako espetxeetan. Zaballako makro-espetxean ikusi dugu eta beste hainbaten antzera, saihestu zitekeen kasua izan da".

Emakumea*, espetxea eta zaintza triangeluan zer landua badagoela uste dutelako antolatu du Lurgatzek mahai ingurua Subijana etxean (Mintzolan), urriaren 14an, 19:00etan. Hizlari bezala arituko dira, Esti Amenabarro Iraola, Maite Aranalde Ijurko, Estitxu Eizagirre Kerejeta, Maite Ortiz Garzia, Katia Reimberg eta Nekane Txapartegi Nieve. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharra dago helbide honetan: lurgatztaldefeminista@gmail.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!