Kultura sailak ikastaro aukera zabala antolatu du udazkenerako

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 6a, 10:48

Izen emateko epea urriaren 14an bukatuko da eta osasun egoerak horrela eskatuta telematikoki egin beharko da, www.villabona.eus webgunean.

Amasa-Villabonako udaleko Kultura sailak haurrentzat zein helduentzat, ikastaro eskaintza zabala antolatu du aurtengo udazkenerako. Guztira, 10 ikastaro daude aukeran, urte osoko 8 ikastaro eta 2 ikastaro labur.

Helduentzako urte osoko ikastaroen artean daude arte aplikatuak, egur lanketa eta pintura ikastaroak, azken hau 13 urtetik gorakoentzat. Ikastaro laburren artean, aldiz, serigrafia edota mindfulness. Haurrei dagokienean, hauek ere eskaintza zabala dute aukeran: funky (11-16 urte), balleta (6-12 urte), klowna (8-12 urte), eskulanak (6-10 urte) eta pintura (4-12 urte). 

Hasiera batean, urte osoko ikastaroak abendura arte

Osasun egoerak horrela eskatuta, urte osoko ikastaroak Eguberrietako oporrak arte eskainiko dira. Abenduaren erdialdean, momentuko osasun egoera baloratuko du udalak eta egoki ikusiz gero, ekainera arte luzatu ditzake ikastaroak. Dena den, abenduaren erdialdera Amasa-Villabonako udaleko Kultura saila harremanetan jarriko da ikastaro bakoitzeko ikasleekin eta jarraitzeko interesa duten edo ez galdetuko du. Aurrera egitea erabakiz gero, urtarriletik abendurako kuota kobratuko da. 

Ikastaroetan interesa dutenek, izena telematikoki eman beharko dute www.villabona.eus webgunean sartuta. Ezinbestekoa izango da ikasle guztiek helbide elektroniko bat eta telefono mugikorreko zenbaki bat ematea.  Ikastaroren bati buruzko galdera gehigarriren bat egin nahi izanez gero, kultura@villabona.eus helbidera mezu bat bidali daiteke telefono zenbaki batekin, eta udala jarriko da harremanetan galdera egin duen pertsonarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!