Udal gobernuak Larrea parkearen inguruan duen "malgutasun eza" kritikatu du EAJk

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 2a, 17:59
Olaederra atzealdean EAJk aurreikusi zuen proiektuaren irudia

Villabonako EAJren ustez, proiektuan 175.000 euro gastatzea, "astakeria" da.

EAJren udal taldeak, Larrea auzoko haur parkea estaltzeko proiektuarekin, "malgutasun handiagoz eta autoritarismo gutxiagorekin" jokatzeko eskatu dio EH Bilduri. Aldi berean, gai honi buruz alderdi guztien artean azterketa "serio eta sakon" bat egitea ere eskatu du alderdi jeltzaleak.

Irailaren 22an Hirigintza Batzordean parke hori estaltzeko oinarrizko proiektuaren berri eman zen; EAJren ustez, "proiektu partziala, urbanizazio atalik gabekoa eta oso garestia da (175.000 euro)". Alderdi jeltzalearen esanetan, lehenengo aldia izan da proiektu horri EH Bilduk  aurrekontu zehatz bat ematen diona. "Aurkeztutako diru kopuruak, gorpuztu egiten du urtetan EAJk proiektu honekiko izan duen zalantza. Garbi da, Rayuela izeneko hasierako proiektu osoa garatua izan balitz, 300.000 eurotik gorako aurrekontua edukiko zuela eta hori gehiegikeri bat da estrategikoa ez den proiektu batentzat".

Hirigintza batzordean, "Larrea parkea estaltzearen zilegitasuna ukatu gabe", EH Bilduri eskaera zuzen bat egin zion EAJk: "Hilabete batean, alderdi guztien artean eztabaida-gune bat irekitzea behin betiko erabakia hartu aurretik". Erabakia atzeratzeko proposamena argudiatu du alderdi jeltzaleak: "Bizi dugun krisi ekonomiko larriaren aurrean, elkarrekin jarduteko beharra, lehentasunak ondo birpentsatuz; Gastuekin zuhur jokatu beharra, gerrako aurrekontuak izango ditugulako; Proiektuak zalantza asko sortzen dituelako; Eta gaur egun, udalak onartutako beste barruti estaliko proiektu modernoago eta merkeago bat esku artean dugulako (80.000 euroko kostua izango duena) arazo teknikorik gabe, Larrea parkerako egokitu eta txertatu dezakeguna".

Ohar batean Villabonako EAJren udal taldeak esan du, udal gobernuari jakinarazi zitzaiola 175.000 euroko proiektu partzial hori ez dela auzokoekin kontsultatua izan. "Jakinarazi zitzaien, ondoko eraikinaren garajeak kaltetuak suertatuko zirela, proiektua egungo paisaia irizpideen aurka zihoala, eta hormigoizko eta metalezko esparrua zela, hiru aldeetatik itxia zegoena, honek argiztapen-arazoak sortuz eta, ondorioz, herritarren segurtasunari dagokionez, puntu beltz arriskutsuak areagotuz. Halaber, adierazi zitzaien hasiera batean kiroldegiaren atzealderako aurreikusitako 80.000 euroko proiektua askoz modernoagoa zela estetikoki, material arinagoekin egina, mantentze-gastu gutxiago izango zirela eta, gainera, argiztapen hobeagoarekin. Inpaktu bisual txikiagoa duen proiektua, espazio irekiak sortzeko egungo joerekin bat datorrena. Laburtuz, askoz ere jasangarriagoa. Tolosan, Beasainen edo Donostian dauden beste estalki batzuen oso antzekoa".

Parkea estaltzearen premia "ez zela hainbesterainokoa" esan zion EAJk Hirigintza batzordean udal gobernuari,"izan ere, aurreko legealdian tokiko ikastetxeekin hartutako konpromisoei esker, aste gutxiren barruan Arroako Fleming Ikastetxearen eraikinak (udal jabetzakoa) estalitako eremu bat izango du, eta, ezin hobeto, eskolaz kanpoko ordutegian libreki erabil daiteke".

EAJk EH Bilduri bere "itxitasuna eta malgutasun eza" berriz aztertzeko eskatu dio: “Zergatik, pandemiaren testuinguru honetan, 175.000 euro gastatu behar ditugu modu alai batean, beste proiektu jasangarriagoa eta merkeagoa esku artean edukirik?. Non dago arrazionaltasuna?", galdetu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!