Udalak herriko helduak zoriondu ditu Adineko Pertsonen Nazioarteko egunean

Ataria 2020ko urriaren 1a

Gaurko Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna baliatu du Amasa-Villabonako Udalak adineko pertsona guztiei esker ona adierazteko. "Gu honaino iritsi bagara, haiek lehenago izan direlako da", esan dute udal ordezkariek.

Beatriz Unzue alkateak eta Arantza Lopez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak herriko 100 urtetik gorako pertsonei esker ona azaldu nahi izan diete. "Udalerrian bizi diren adineko guztiak, Santiago Egoitzan bizi diren egoiliar guztiak, eta horietaz hain ondo zaintzen dituzten guztiak zoriondu ditu Amasa-Villabonako Udalak", esan dute. Hain justu Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna da gaur, eta data baliatu nahi izan dute. 100 urtetik gorakoei tarta bana banatu diete batetik, eta Santiago Egoitzara gerturatu dira, bestetik. 104 urte dituen Maria Jesus Lopezek, 101 urteko Juani Arregik eta 100 urte dituen Gregorio Gonzalezek jaso dute tarta.

Horretaz gain, pertsona helduen familiartekoei esker ona azaldu diete ere "dedikazio osoz laguntzen eta alaitzen baitute haien egunerokotasuna, bizitzeko ilusioari eutsiz".

Zaintzaren garrantzia

"Une hauetan sekula baino arrazoi gehiago daude zainketaren garrantzia azpimarratzen jarraitzeko. Komunitate-osasuneko programak, pertsona nagusien parte-hartze aktiboa, eta gizarte eta familia-harremanen garrantzia nabarmendu behar dira, adineko pertsonen osasun psiko-emozionalaren mesedetan ezinbesteko ekarpena egiten baitute", gaineratu du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!