'VAgera' ikuskizuneko irregulartasunak konpontzeari bide eman dio udalbatzak

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 30a, 12:35

Ogasuna, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritza batzordeak egindako akordio proposamena onartu du udalbatzak, EH Bilduko aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEko zinegotzien abstentzioarekin. 

VAgera herri bat ikuskizuneko txostenean dauden espedienteak aztertu dituzte batzordean, 2019ko ekainaren 13an eta 2020ko otsailaren 17an kontu-hartzaileak egindakoak eta 2020ko otsailaren 11n idazkariak osatutakoak. Hauek aztertuta batzordeak proposatu du Gautena elkarteari eskatzea 15 eguneko epean Villabonako Udalaren izenean iaz jaso zituen 4.048 euroak justifikatzea eta Migel Zeberio jaunari ikuskizunean emandako zerbitzuengatik faktura aurkezteko eskatzea, -dokumentazioaren arabera 5.700 euro jaso zituen eta udalean ez dago zerbitzu horien fakturarik-. "Udalaren baliabide ekonomikoen erabilera zuzena egitea ezinbestekoa denez, eta egiten diren gastuetan jarraitu behar diren prozedurak errespetatu behar direla kontuan izanik", hartu du erabakia Amasa-Villabonako Udalak.

Beatriz Unzue alkateak aipatu du, espedientea "ahalik eta modu txukunenean" itxi nahi duela udalak eta jakinarazpen ofiziala bidali aurretik erabakiaren berri emateko "pertsonalki" harremanetan jarri dela bai Gautenarekin eta baita Zeberiorekin ere. "Ez zaie dirua bueltatzea eskatuko eta udalak ez du inolako auzibiderik abiatuko, kontu-hartzailearen eta idazkariaren txostenetan horretarako aukera zabaltzen bada ere".

2019ko maiatzaren 3an eta 4ean Olaederra kiroldegian bi emanaldi prestatu zituzten VAgera herri bat izenburupean eta garai horretan herriko alkatea zen Maite Izagirre. Orduko udaleko idazkariaren "mendeku bortitz"  bezala hartu du jeltzaleak irregulartasunen berri publikoki eman izana: "Zerbait ona gertatu bazaio udal honi azkeneko hilabeteotan Garmendia Txurio andereak bere lanpostua utzi izana da. Giro txarraren sortzaile izan da udal langileen artean eta horrek ondorioak izaten ditu lan jardun kolektibo batean. Aurreko legealdian izugarrizko errespetu falta erakutsi zien udal agintariei eta bereziki niri, alkateari. Gaiak tramitatzeko garaian jarrera oztopatzailea izan zuen. Udal idazkari batek bere jardunean beti neutraltasun politikoa mantendu behar du eta hori ahaztu egin zitzaion Garmendia Txurio andereari. VAgera ikuskizunaren inguruan egin zuen txostenak erakusten du zigor politikoa eta mendeku bortitza zituela helburu nagusi". Amaitzeko, Izagirrek zera eskatu du: "Inork ez dezala Gautena bezalako elkarte eredugarri  baten izen ona zikindu eta inork ez dezala euskal sortzaile baten profesionaltasuna zalantzan jarri".

Xabat Laborde zinegotzi eta alkateordearen ustetan, EH Bilduren udal taldeak "nahikoa eskuzabal"  jokatu du gai honekin eta "soluzio duina" eman nahi izan dio egoerari. Azpimarratu du eurek ez dutela Gautenaren eta Migel Zeberioren lan ona zalantzan jartzen eta batzordean egindako proposamenarekin "ahalik eta kalte gutxiena" eragitea izan dela helburua. Behin hori esanda, VAgera herri bat ikuskizunean egindakoa "txapuza hutsa eta diru xahuketa handi xamarra" izan zela iritzi dio Labordek. Ia 100.000 euroko gastua izan zuen ikuskizunak.

EAJren udal gobernuak ikuskizunarekin izan zuen portaera "salagarria" dela iruditzen zaio EH Bilduri, "ez da udal agintariengandik espero dena, ez da batere eredugarria". Labordek gaineratu du ikuskizun horren konstantziarik ez dela geratu udalean eta kritikatu du ikuskizuna udal hauteskundeak baino aste gutxi batzuk lehenago egin izana: "Helburu partidista eta elektoralista nahikoa nabarmenarekin antolatu zen". Gaur egungo udal gobernuaren ustetan aukera ederra galdu zen herriaren 400. urteurrena ospatzeko, "herriko eragileekin elkarlanean, modu herrikoian eta diru gutxiago xahutuz".

Izagirrek gogor ukatu ditu EH Bilduk egindako kritikak. Ekitaldia antolatzeko bilerak egin zirela eta EH Bilduko zinegotziak ez zirela bertara agertu aipatu du: "Hasieratik boikoteatu nahi izan zenuten ikuskizuna". VAgera herri bat prestatzen egindako esfortzua goraipatu du alkate ohiak eta dena "nahastu eta kakaztu" nahi izana egotzi dio udal gobernuari. "Bi faktura zintzilik geratu zirelako guri leporatzen diguzue irregulartasuna". EH Bilduko kideek gogorarazi zuten, ikuskizunaren espedientean jasota dauden dozenaka fakturetatik bakar batek ez duela kontu-hartzailearen aldeko txostenik, "guztiek dute akatsen bat prozeduran".

EH Bilduk batzordetik etorritako akordio proposamenari baiezkoa eman dio osoko bilkuran eta EAJ eta PSE-EE alderdiak abstenitu egin dira. Maria Luisa Arija zinegotziak, gainerako bi alderdiei egotzi zien gaia atera izana "elkarri trapu zikinak aurpegiratzeko". Akordioaren alde bozkatzeko asmoa bazuen ere, azkenean, abstentzioaren alde egin zuen sozialistak.

Bestelako erabakiak

Amasa-Villabonako udalbatzak, bestalde, COVID-19aren ondorioei aurre egiteko alkate dekretuak balioztatu ditu. Zerga eta tasetan aldaketak onartu dituzte, besteak beste, herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei aurten Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) ez kobratzeko. Alderdi guztiek aho batez balioztatu dituzte alkate dekretuak.

Alkatearen kalitateko botoarekin, Orain Ardura herritarren ekimenak aurkeztutako adierazpen instituzionalari baietza eman dio udalbatzak. Honenbestez, Amasa-Villabonako Udalak euskal eta Espainiako gobernuei eskatzen die, krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko, handitu ditzatela oinarrizko gizarte zerbitzuetarako eta krisiak eragindako sektoreentzako laguntzetarako aurrekontu partidak; Horretarako, Abiadura Handiko Trenaren obretarako eta proiektuetarako erabiltzen diren funts publikoak erabiltzea eskatzen diete, obra eta proiektu horiek geldiaraziz. 

EAJk eta PSE-EEk adierazpen instituzional honen aurka bozkatu dute. Patxi Agirre jeltzalea hezkuntza eta osasun zerbitzuak indartzearen alde agertu da, "baina proiektu estrategikoei eutsiz, horiek ere enplegu asko sortzen baitute". Demagogikotzat jo du EAJko zinegotziak EH Bilduk aurkeztu duen adierazpena, Arija sozialistak bezala. PSE-EEko bozeramaleak garapen ekonomikorako AHT bezalako azpiegiturak "beharrezkotzat" jo ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!