Batzokian egindako pintaketak salatu ditu EAJk

Ataria 2020ko irailaren 25a

“Nazkatuta gaude ezker abertzalearen intolerantziaz”, esan du Amasa-Villabonako EAJk. 

Villabona-Zizurkilgo EAJren Udal Batzarrak "irmoki" salatu ditu bere egoitzan agertu diren pintaketak. "Eraso berri honek, gizarte-giro txar bat sortzeaz gain, bizitza politiko normalizatua garatzeko eskubide demokratikoari egiten dio kalte".

"Ekintza” horrek erantzule bakarra duela esan du; "oraindik ere konfrontazio eskemetan ainguratua dagoen ezker abertzalea; egileek berriz, 'faxista' hutsak direla jakin dezaten".

"Zoritxarrez, ekintza honek ba du denboran  kointzidentzi garbi bat (eta politikan kasualitateak ez dira existitzen): Arkaitz Rodriguez, EH Bilduko legebiltzarkidea denaren adierazpen erabat deitoragarriak, esanez ETAren delituak ezin direla beste batzuekin alderatu, presoek 'ez baitute gaitzespen sozial maila berdina' (dirudienez, hilketek ez dute kontatzen)", gaineratu du EAJk.

EAJren ustez, odol delituak alde batera uztea eta egoitza politikoen aurka egiten jarraitzea dira adiskidetzeko guneak lortzeko biderik okerrena: “Guk, ezker abertzalearen intolerantziaz nazkatuta, lanean jarraituko dugu, beti bezala, gure herrian bizikidetza sozial hobea eraikitzeko”.

Udalaren gaitzespena

Amasa-Villabonako Udala ere, Txermin auzoko batzokian egindako pintaketak gaitzetsi nahi izan ditu eta "guztiz lekuz kanpo" daudela adierazi du. Bide batez, elkartasuna adierazi die EAJ alderdiko kideei. "Amasa-Villabonako Udala elkarbizitza demokratikoaren alde lanean jarraitzeko konpromisoan berresten da", esan du oharrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!