Larrea parkea estaltzea erabaki dute Hirigintza batzordean

Ataria 2020ko irailaren 25a

Antonio Lopez Sanchez arkitektoak osatutako "Rayuela" izeneko proiektua da gauzatuko dena. EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu da egitasmoa. EAJk kontra bozkatu du.

2014an garatutako parte hartze prozesuaren ondoren, herritarren bozketa zuzenaren bidez hautatua izan zen proiektua "behingoz" errealitate bat izango dela aipatu du Amasa-Villabonako Udalak.

Udal gobernuak oso garrantzitsutzat du proiektu hau egikaritzea, "Villabonako herrigunean betidanik egon den gune estali gehiago edukitzeko beharrari eta herritarren eskaerari erantzuten baitio". Pausoz pauso, hilabete gutxiren buruan lanak hasteko moduan egongo dela jakinarazi du udalak Hirigintza eta Ingurumen Batzorde Informatzailearen astearte honetako (irailaren 22an) bilkuran, proiektua ontzat eman eta onartzea erabaki ondoren. Udal arkitektoak proiektua aztertu eta gero, "aldeko iritzia" jasotzen duen txostena egin, eta beraz, ondorengo urratsa, proiektu honetako lanak zein enpresak egingo dituen zehaztea izango da. Horretarako, esleipen prozesu publiko eta irekiari hasiera emango dio udaleko kontratazio mahaiak.

Proiektuaren datu nagusiak:

  • Lekua: Larrea auzoko "Behe Nafarroa" izeneko parkea.
  • Estaliko den azalera: 31,43 m x 7,70 m: 242,01 m2.
  • Altuera: 5,19 m
  • Estruktura: Habeak, pilareak eta uhal metalikoak. Alde motzetan hormigoizko hormak.
  • Estalkia: Polikarbonatozko estalkia
  • Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua guztira (BEZ barne): 174.176,61 €
  • Finantziazioa: Udal gerakina (gaur egun 1.373.198,60 euroko funtsa)

Adostasun politikorik ez

Hirigintza Batzordean ez zen erabateko adostasunik izan. Proiektuaren onarpen proposamenak EH Bildu eta PSEren aldeko bozkak izan zituen eta EAJren kontrakoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!