Artista emankor baten emaitza

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 23a, 07:59

Villabonako Gurea aretoko erakusketa gelan hainbat margolan jarri ditu ikusgai Seve Iglesiasek, herriko pintoreak; Urriaren 2ra arte egongo da erakusketa jarrita.

Ez da lehen aldia Villabonan bere margolanak erakusten dituena. Bere koadroekin osatutako laugarren erakusketa du, urriaren 2ra bitartean Gurea aretoko erakusketa gelan ikusgai izango dena.

COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik inaugurazio ekitaldirik gabe, joan den irailaren 18an zabaldu zen erakusketa. Hemendik aurrera, astegunetan ikusi ahal izango da arratsaldero, 18:30etik 20:30era eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara. Seve Iglesias bera erakusketa aretoan egongo da beharrezko azalpenak emateko prest. «Jende askori koadroen inguruko azalpenak entzutea gustatzen zaio».

Artistak aipatu duenez, erakusketan jarritako 37 koadroetatik gehientsuenak salgai daude: «Bakarren bat salduz gero, lortutako diruarekin pintatzeko materiala erosten dut, nire afizioarekin jarraitu ahal izateko».

«Nire buruari jartzen dizkiodan erronka horiekin asko gozatzen dut»

Pintatzeaz gainera, musika atsegin du Seve Iglesias Santosek (Torrejoncillo, Espainia, 1947) eta erakusketa girotzeko, besteak beste, soul eta jazz musika aukeratu ditu, fadoarekin batera.

Noiz egindako margolak dira erakusketan bildutakoak?

2019 eta 2020 urteetan egindakoak dira. Nik egunero margotu behar izaten dut. Behar bat da niretzako. Pintatzen dudan bitartean erlaxatu egiten naiz, gainerako guztiaz ahazten naiz. Duplex batean bizi gara eta goiko partea ia erabat niretzako hartuta daukat, han tailer modukoa daukat jarrita.

Nola sortzen duzu?

Beti musikarekin. Estudiora igotzen naizenean egiten dudan lehenengo gauza irratia piztea izaten da. Pinturan erabat murgilduta nagoenean, hala ere, ez naiz jabetzen zein musika daukaten jarrita irratian, nire munduan sartzen naiz.

Zein teknika erabili dituzu koadro hauek egiteko?

Duela urte batzuk aldaketa egin nuen, oliotik akrilikora. Besteak beste, akrilikoak ez du usainik izaten eta lehortzea ere azkarragoa izaten da, pare bat minutu nahikoa dira. Akrilikoan pintatu arren, niretzako pinturaren oinarria marrazkian dago, horretarako ikatz-ziria erabiltzen dut. Nire ustez denok abiatu beharko genuke hortik. Niretzako beharrezko ariketa bat da, guztiaren abiapuntua. Tinta txinatarra ere erabili izan dut marrazteko eta gero hortik akrilikora pasatzen naiz.

Oso koadro koloretsuak ikusten ditugu erakusketan.

Bai. Nire kasuan, kolorea prozesuaren amaieran datorren gauza bat da. Lehenagotik, ondo muntatu beharra dago koadroa gero emaitza lortu nahi baduzu. Pinturak gero ez ditu egindako akatsak tapatuko. Perspektiba, bolumena eta trazua ondo definitzeko balio dit niri ikatz-ziriarekin edo arkatzarekin pintatzeak.

Esate baterako sarreran jarri duzun horretan.

Bai, bilobei egindako koadro bat jarri dut sarreran eta arkatzez eginda dago. Kasu honetan erretratu gutxi ekarri ditut erakusketa honetara baino dezente egiten ditut.

Beste zein motibo erabiltzen dituzu?

Paisaiak, batez ere. Niri asko gustatzen zaizkit horrelakoak margotzea. Bolada bat izan nuen inguruko baserri guztiak pintatu nituena. Oraingoan hemen bildu ditudan koadro hauetan ez dut toki jakin bat erretratatu nahi izan, zirkustantzialak dira paisaiak. Badira hemen ingurukoak eta baita Caceresen jasotakoak. Han izan nintzen batean arreta eman zidatelako pintatu nituen.

Zenbat denbora behar izaten duzu koadro bat bukatzeko?

Emankorra naiz pinturan. Urduria naiz koadroak bukatzerako orduan eta horri konfinamendua gehitzen badiozu, denbora nahikoa izan dut pintatzeko eta beste gauza asko egiteko ere. Esate baterako, behean, erakusketaren sarreran jarri dudana bi ordutan bukatu nuen. Beste batzuk lan handiagoa eskatu didate. Adibidez, erakusketaren erdian dagoen baserriaren koadrorako ordu gehiago behar izan nituen, ia harriz harri osatu behar izan nuelako margolana. Bizkaian, Santimamiñe kobazuloen ondoan dago eta baserria pintatzeko enkargua egin zidaten.

Enkargu asko jasotzen dituzu?

Bai, dezente hots egiten didate. Ez dago jende asko pintura klase hori egiten duena. Arteak izan duen garapenagatik, beste espazio eta bolumen batzuk ohikoagoak dira gaurko pinturan. Gauza errealistak ez dira ia egiten. Esango nuke, pixka bat baztertuta geratzen dela margolan klase hori lantzen duen pintorea.

Hala ere, abstraktuak diren lanak ere ikusi ditugu zurean.

Bai, ez ditut lan horiek gutxiesten. Oso lan ederrak ezagutzen ditut arlo honetan ere. Baina, pintura errealista hauek egiteak lan asko dakar eta norbaitek egin beharko ditu. Erakusketa honetara koadro hiper-errealistak ere ekarri ditut, esate baterako, arrautza frijituarena edo edalontzi batean dagoen arraintxoarena bezala. Lan horiek egiten zailak dira. Nire buruari jartzen dizkiodan erronka horiekin asko gozatzen dut. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!