IKUSMIRA(N)

Kontaezinak

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2020ko ira. 14a, 08:58

Bi mila eta hamaikazgeroztik eta Nazio Batuen Erakundeak sustatuta, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da. Norbaitek galde diezaioke bere buruari zertarako ote diren Nazio Batuen Erakundeak izendaturiko nazioarteko egun hauek, bada, hain zuzen ere, salaketa eta sentsibilizaziorako. Oro har, egutegian berezitutako egun hauek giza eskubideen, osasunaren eta garapen iraunkorraren inguruko gaiak jorratzen dituzte eta, esan bezala, gizarteari argitu gabeko aferak daudela gogorarazten dizkiote.

Hain zuzen ere, egun honen karietara, Euskal Fondoa erakundeko Saharako Koordinazio Unitateak zabaldutako azken buletinean behartutako desagertu sahararren berri eman zen. Bertan, 432 desagertu saharar bazirela jakinarazten zen, Saharako Presoen eta Desagertuen Senideen Elkarteak (AFAPREDESA) eginiko datu-basearen arabera. Datu lazgarri hau, ordea, izebergaren gaina besterik ez da. Izan ere, ehunka mila pertsona omen dira behartutako desagertuak, gutxienez, mundu osoko 85 herrialdetan. Hotzikara sortzeko moduko zifrak agertzen zaizkigu Hego Ameriketako hainbat estatutan; datu-dantza sumatzen den arren, ziurtatu daiteke milaka direla Kolonbian, Guatemalan, Argentinan, El Salvadorren… Beste hainbeste gertatzen da Sirian, Sri Lankan, Bosnia-Herzegovinan… Eta baita, nola ez, Espainiar Estatuan ere. Amaigabea da behartutako edo bortxazko desagertuen zerrenda ankerra.

Behartutako desagertze kontzeptuak argi adierazten du norbere borondatearen aurka jazotako aienatzeak direla egun honetan oroituak. Honela, 1992an Nazio Batuen Batzar Orokorrak behartutako desagertzea «edozein sektore edo mailatako gobernu-agenteek, Gobernuaren izenean edo haren zuzeneko edo zeharkako babesarekin diharduten taldeek norbanakoak atxilotu, geldiarazi edo haien borondatearen aurka eramatea, edo pertsona horiek beste era batera askatasunik gabe uztea» zela adostu zuen. Ezjakintasunarekin eta ziurgabetasunarekin erabat lotuta agertzen da giza eskubide ugari urratzen dituen ekintza larri hau; izan desagerrarazi den biktimarekiko, izan honen senide eta lagunekikoa.

Behartutako desagertuen biktimen patua kasu gehienetan heriotza bada ere, jakin badakigu ez dela beti horrela izaten. Begiratu bestetik ez dugu, esaterako, hainbat sahararren errelatoak argitutakoa; Agdez, Kalaat Maguna, Shoura eta Aaiungo ezkutuko atxilotze-zentroetan dozenaka urte igaro ondoren askatasuna berreskuratu baitute. Urte luzez senide eta komunitatearekin inolako harremanik izan ez, heriotzatik ihes egin eta askatzen badituzte ere, orbain fisiko eta psikologikoak izugarriak izan ohi dira.

Desagertutako pertsonaren sendiak bizi ohi duen ziurgabetasun-egoera ere ez da nolanahikoa; eta ez dakite biktima oraindik bizi den eta, hala bada, non dagoen preso, zein egoeratan eta zein den haren osasun-egoera, eta hil badute, berriz, hilotza non den… Zauri iraunkorra pairatzen dute, maiz larritasun- eta antsietate-koadro sakonekin lotua agertzen dena. Gainera, jakitun dira haiek ere mehatxupean egon daitezkeela eta zorte bera izan dezaketela, areago egia arakatzen hastean.

Aipagarria da nazioarteko auzitegiek torturatzat hartzen dutela behartutako desagertuei buruzko egiazko informazioa emateari uko egitea. Izan ere, senide eta lagunak galdu dituztenek eskubide osoa dute maite dituztenekin zer gertatu zen jakiteko. Sarritan, urtetan egoten dira inoiz iristen ez diren albisteen zain, itxaropenaren eta etsipenaren arteko emoziotan murgilduz. Indarkeria mota maltzur hau guda-taktiken artean bat gehiago da, ez da helburu bere horretan; helburu desberdinak dituzten erregimen jakin batzuen estrategiaren zerbitzura dago, hala nola, kontrol soziala, beldurra, genozidioa edo ezkutuko sareak suntsitzea. Honek guztiak, bortxaz desagertua izan denaren komunitatean, beldurra eta segurtasun gabezi sentsazioa sortzen ditu.

Ehunka mila pertsona omen dira behartutako desagertuak, gutxienez, mundu osoko 85 herrialdetan

Ehundura sozial kaltetu horiek berreraikitzeko prozesuetan egiaren bilatzea oinarri-oinarrizkoa da; komunitate batek aurrera egin dezan, gertaera lazgarri hauek ikertzea eta egiaren adierazpen publikoak egitea beharrezkoa baita. Erreparazio moral eta soziala merezi dute senitarteko eta lagun horiek guztiek, eta jazotakoaren aitortza osoa desagerrarazitakoek.

Atahualpa Yupanqui olerkari eta musikari argentinarrak senide asko zituela abestu zuen, kontaezinak zirela. Bere hitzekin emango diot amaiera idatzi labur honi, Argentinara begiratuz eta gure herri honi keinu eginez: «Eta horrela jarraituko dugu oinez bakardadeak blaituta, eta gugan gure hildakoak, inor atzean gera ez dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!