Estalpe berria egiteko obrak hasi dituzte Fleming Herri Eskolan

Ataria 2020ko abuztuaren 21a

Argazkia: Villabonako Udala

Amasa-Villabonako Udalak eta Fleming Herri Eskolako zuzendaritzak proiektu hau gauzatzea adostu zuten ikasturte amaieran, eta bi hilabeteko iraupena izango dute estalpe berria egiteko lanek.

Amasa-Villabonako Arroa auzoko Fleming Herri Eskolaren jolaslekuan estalpe berria egiteko lanak aste honetan hasi dituzte. Amasa-Villabonako Udalak eta Fleming Herri Eskolako zuzendaritzak, iazko ikasturte amaieran, proiektu hau gauzatzea adostu zuten. Udalak urtez urte eskola publikoan inbertsioak egiteko martxan jarria duen programaren barruan kokatzen dira lan hauek.

Urte hasieran Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskaera egin zion udalak, baina Jaurlaritzak maiatzean jakinarazi zien "ez zuela proiektu hau diruz lagunduko". 56.203,94 euroko aurrekontua du gauzatzen ari diren obrak, eta bi hilabetean amaituta egotea espero dute.

125 m² estaliko dira

Arroa auzoan dagoen eraikina Haur Hezkuntzako ikasleen eskola da. Aste honetan hasi diren obrak amaitzen direnean, Fleming Herri Eskolako haurrek jolastokian azalera handiagoa izango dute estalita, batik bat, euria egiten duen egunetarako. "Espazioa nabarmen handituko da", adierazi dute udaletik.

Jolastokiaren hegoaldeko eta mendebaldeko aldeetan zabalduko da estalpe berria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!