ARGAZKI GALERIA

"Remirengatik"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 1a, 12:03

Hamaika urte eta gero, atzo, Remi Ayestaran gogoan izan zuten, Amasa-Villabonan. Omenaldia egin zioten Remi Gogoan Ekimeneko kideek.

"Remik merezi zuen, eta horregatik gaude, hamaika urte eta gero, beste behin ere hemen" esanez hasi zuten omenaldia Remi Gogoan ekimeneko kideek, atzo, Villabonako Errebote plazan.

Egoera berezia izanagatik eskerrak eman zizkieten omenaldira gerturatu ziren guztiei. "Urte arraroa eta gogorra doa, baina gaur ere, hemen egon beharra geneukan, Remirengatik", azpimarratu zuten. Hamaika urte pasa diren arren, "ez dugu ahaztu nahi 2009ko uztailaren 31an gertatu zena. Denborak zauriak sendatzen dituela esaten den arren, guri oraindik ez zaigu zauria itxi eta mina ematen digu", adierazi zuten. "Batzuk ezer gertatu ez bazen bezala" jarraitzen dutela nabarmendu zuten, "baina hori ez da bidezkoa" zioten. "Azalpenak zor zaizkigu, eta egun hartako arduradunek, bakoitzak bere erantzukizunak hartu behar dituzte", argi adierazi zuten ekimeneko kideek. Eta "horrela bakarrik egingo dugu aurrera egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko bidean. Remik, herri honetako beste biktimek bezala aitortza merezi du. Bortizkeria politikoaren biktima izan zela aitortzea. Remi ez zelako berez hil bihotzekoak jota".

Atzo bezala, San Inazio eguna, hileko azken ostirala zen duela hamaika urte ere. "Presoen eskubideen alde bilkura deituta zegoen. Baina uda hartako presio politikoagatik eta mediatikoagatik Espainiako epaileek debekatu egin zuten". Azkenean bertan behera gelditu zen deialdia, baina "batzuei ez zitzaien nahikoa iruditu", azaldu zuten, eta "liskar bila etorri ziren festa gunera". "Denok izan ginen beltzez jantzitakoen presio polizialaren lekuko", ekarri zuten gogora. "Egoera horren aurrean, Remi, herri ordezkari gisa jaiak bakean buka zitezen ahaleginean aritu zen, baina alferrik, ez zioten utzi. Bihotza leherrarazi zioten", kontatu zuten. Horregatik, "justizia eskatzen dugu, eta gertatu zena argitzea nahi dugu", eskatu zuten.

Mikel Ayestaran anaiak hitz egin zuen familiaren izenean, guztiei eskerrak emanez,  garbi hitz egin zuen: "Hamaikagarrenez, erantzuleen izenak eskatzen ditugu. Egia jakiteko eskubidea aldarrikatzen dugu. Memoria eta justizia eskatzeak lehentasun izaten jarraitzen du herri honen eraikuntzan". Eta hamaika urte geroago, oraindik ere, azken ostiraletan elkartzen jarraitzen dutela azpimarratu zuen herrian dituzten presoen eskubideengatik. Herriaren babesa aipatu zuen, "herriak bakarrik salbatuko baitu herria". "Herriaren babesa ezinbestekoa baita egoera krudel hau neurri batean arintzeko".

Gau hartan, Esne Beltza taldeak kontzertua ematekoa zuela ere aipatu zuten, baina, noski, bertan behera gelditu zen. Atzo, ordea, Esne Beltzako kideek taula gainean egon nahi izan zuten bi abesti eskainiz. Dantzariak eta bertsolariak ere izan ziren, eta Remi Gogoan Ekimenekoek eskerrak eman zizkieten guztiei, musu-truk omenaldian parte hartzeagatik, eta omenaldia egitea posible egiteagatik.

Behin Errebote plazako ekitaldia amaituta, eta txandak errespetatuz, Remi Ayestaranen oroitarrirainoko bidea egin zuten krabelinak eskuan hartuta. Guztiak distantziak errespetatuz kokatu ostean, Eusko Gudariak abestuz amaitu zuten Remiri eginiko omenaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!