Villabonaren eta Hazparneren arteko errebote partida jokatuko da, bihar

Ataria 2020ko uztailaren 30a

Argazkia: Otxabi

San Inazio egunez, Behar Zanako pilotariek Hazparneren aurkako 91. Errebote Partida jokatuko dute

1930. urtean hasitako partidari eusten diote Amasa-Villabonan. San Inazio egun hartan errebote partida jokatu zuten Hazparneko pilotarien aurka, eta harrez gero, gerra urteak kenduta, urtero-urtero etortzen dira Hazparnetik partida jokatzera.

Bihar, 11:00etan, Villabonako Errebote plazan ariko dira bi taldeak, eta 91. Errebote partida jokatuko dute. Sarrera doan izango da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "hasiera batean, plazako edukiera ez da mugatuko. Hala ere, udaltzaingoak elkartze handiak ikusten baditu, sakabanatzeari ekingo dio". Nahitaezkoa izango da maskara jantzita izatea. Era berean, partida historikotzat dute honakoa: "Urteetan zehar galdu ez dena, eta aurten ere egoera oso berezia izan arren jokatuko dena".

Behar Zanatik jokatuko duten pilotariak honako hauek izango dira:

Paretean, Jon Ander Artola eta Beñat Iraola (argazkian ezkerretik hasita hirugarrena eta laugarrena); Hirugarren eskularru: Aratz Luixa (argazkian ezkerretik hasita lehena); Paradore: Kepa Nazabal (argazkian ezkerretik hasita bigarrena); eta sakalaria: Iñaki Otaegi (argazkian ezkerretik hasita seigarrena).

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!