Remi Ayestarani omenaldia egingo diote

Ataria 2020ko uztailaren 29a

Remi Gogoan Ekimenak azken hamar urteetan egin moduan, hilaren 31an, 20:00etan, omenaldia egingo dio Remi Ayestarani, Errebote plazan.

"Urte zaila eta gogorra doa, baina guztion osasuna babesteko beharrezko segurtasun neurri denak hartuta, urteroko hitzorduari eustea erabaki dugu", azaldu du bere asmoa Remi Gogoan Ekimenak. Etzi, 20:00etan, Remi Ayestaran herritarrari omenaldia egingo diote.

Hamaika urte pasa diren arren, ez dute ahazteko 2019ko uztailaren 31n gertatukoa: "Egun hartan, Remi Ayestaran Amasa-Villabonako herri ordezkari bezala ari zen lanean, Ertzaintzaren probokazioetan erori gabe, festak bakean bukatu zitezen ahaleginean. Baina ez zioten utzi, bihotza leherrarazi zioten", ekarri dute gogora.

Ekimenetik azpimarratu dute, "oraindik inork ez du azalpenik eman, ezta ardurarik beregain hartu ere". Horregatik, "egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitu beharra daukagu. Bada garaia Remiri zor zaion aitortza egiteko!".

Urtero bezala, etzi, hilak 31, omenaldi xumea egingo diote, 20:00etan, Errebote plazan. "Orain artekoak bezala, herritik sortu eta herriak eskainitako ekitaldia izango da, musu-truk laguntzen diguten bertsolari, dantzari eta musikariei esker". 

Gaur egungo egoerak eskatzen duen moduan, maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango dela nabarmendu dute, eta bertaratzen direnek jarriko diren aulkietan eserita jarraitu beharko dutela ekitaldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!