Koronabirusa

Santio Jairik ez dutela ospatuko ekarri du gogora Amasa-Villabonako Udalak

Ataria 2020ko uztailaren 24a

Udalak azaldu duenez, makro botiloi bat egiteko deialdi baten berri izan dute; hori gertatzea eragozteko, "neurri bereziak" hartuko dituela iragarri du. 

Jarraian Amasa-Villabonako Udalak argitaratu duen oharra:

Udalak jakin du azken egunetan Tolosaldea eta Goierriko hainbat gazte eta nerabe taldetan asteburu honetan parranda egitera Villabonara joateko eta Komizarko parkean makro-botiloi bat egiteko deialdiak zabaldu direla.

Honen aurrean, Amasa-Villabonako udalak honakoa adierazi nahi du:

Villabonako Santio Jaiak bertan behera geratu direla gogorarazten dugu. Ez da jai egitaraurik izango eta tabernen ordutegia murriztu egin da.  

Jendarteari eta bereziki inguruko herri eta eskualdeetako herritarrei, Villabonara festa eta parranda egitera ez etortzeko eskaera egiten diegu.

Gogorarazi nahi dugu adin txikikoei alkoholdun edariak saltzea eta botiloia egitea debekatuta daudela. 

COVID-19aren zabalpena saihesteko 10 lagunetik gorako taldeetan biltzea debekatuta dago eta oso garrantzitsua da arduraz jokatzea eta ezarri diren segurtasun arau guztiak ondo betetzea. 

Udalak honako neurri bereziak hartzea erabaki du:

  • Komizar parkera doan bidea itxi egingo da eta udaltzaingoak zaintza berezia egingo du inguruetan, botiloirik egin ez dadin.
  • Udala Ertzaintzarekin harremanetan jarri da, herriko sarbideetan eta tren geltokian kontrol neurriak ezar daitezela eskatzeko. 
  • Udaltzaingoak aipatutako arau hausteak egiten dituzten pertsonak identifikatu eta salatuko ditu, salbuespenik gabe.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!