«Indar handia eta sentimendu pila bat dago kantu berrietan»

Jon Miranda Labaien 2020ko uzt. 23a, 10:56

Villabonako Errebote plazan, 20:00etan eskainiko dute gaur kontzertua, martxotik lehenengoa; udazkenean argitaratuko duten disko berriko kantuak entzun ahal izango dira, besteak beste.

Denbora luzea eman dute jendaurrean jo gabe Yeray Gasconek (Amasa-Villabona, 1993) eta Jon Ander Artolak (Amasa-Villabona, 1993). Horregatik bereziki pozten ditu, koronabirusaren osteko Habiren berragerpena herrian bertan egiteak.

Lehen diskoa kaleratu zenutenetik orain arteko bideaz zein balorazio egiten duzue?

Yeray Gascon. Ibilbidea ez da oso luzea izan baina bai bizia, azkarra. Iaz atera genuen diskoa eta 10 bat kontzertu eman ditugu guztira. Bizitza laburra eduki du diskoak. Baina, hala ere, hor dago eta jendeak entzuten du. Talde berria gara eta harrera polita izan dugula esango nuke.
Jon Ander Artola. Oso positiboa izan da. Biak elkartu ginenean ez genuen uste talde bat sortuko genuenik, ezta disko bat aterako genuenik ere. Hasi ginen pretentsiorik gabe, ea zer ateratzen zen. Horregatik ez genion gure buruari helbururik jarri, hainbeste disko saldu edo hainbeste kontzertu emateko. Mundu hau ezagutzeko aukera eman digu diskoak, zirkuitua nola mugitzen den ikasteko, kontaktuak lortzeko eta jendea ezagutzeko.

Nola eragin dizue pandemiaren etenaldiak?

J. A. A.: Etenaldia erabatekoa izan da. Gure intentzioa ez zen orain beste disko bat grabatzea, aurrekoari zuku gehiago atera eta kontzertuak ematea baizik. Baina bat-batean dena bukatu zen eta geratu ginen zer egin ez genekiela. Lotuta geneuzkan kontzertuak bertan behera geratu ziren.

Zergatik erabaki duzue baliatzea etenaldia disko berria grabatzeko?

J. A. A.: Gure buruari esan genion, 'edo zerbait egiten dugu orain, edo proiektua bertan geratzen da'. Aurrez kantuak prestatuta geneuzkan eta diskoa grabatzea erabaki genuen. 
Y. G.: Gogoa dugu proiektuarekin jarraitzeko eta ez bazterrean uzteko, egoera honek irauten duen bitartean. Gainera grabatzerakoan ondo pasatzen dugu eta guretzako oso dibertigarria den beste prozesu horretan murgiltzen gara. Lan asko du publikazio bat egiteak, baina gustukoa dugu.

Nolakoa izan da kantu berrien grabazioa?

Y. G.: Victor Sanchezi hots egin genion. Bera aritu da ekoizpen lanetan. Bi egun eman genituen estudioan, gure entsegu lokala balitz bezala kantuak jotzen. Kontuan hartu pare bat hilabete eman genituela kantu horiek jo gabe eta behar genuela hori. Victorrekin berarekin landu genituen estudioan, hiruon artean erabakiak hartu eta gero beste hiru egun eman genituen grabatzen.
J. A. A.: Guri lehenengo diskoko metodoa asko gustatu zitzaigun. Ez kapaka, zuzenean ariko bagina bezala aritzen gara grabazioan, feeling hori egotea eta nabaritzea gustatzen zaigu.

Zortzi kantu berri izango dira.

J. A. A.: Bai. Aurreko diskoan ere beste hainbeste ziren, baina ez dugu nahita egin. Guri zuzenean jotzea gustatzen zaigu, baina baita kantu berriak sortzea ere. Etengabe aritzen gara horretan. 
Y. G.: Diskoan dagoen kantu bat, gure lehenengo kontzertuan jo genuen, adibidez. Badira 16 urte nitueneko letra batzuk Jon Anderrekin buelta berri bat eman eta moldatutakoak. Beste batzuk orain sortu dira. Denetarik dago.
J. A. A.: Aurreko diskoaren antzera izan da prozesua oraingo honetan ere. Yerayk ekartzen ditu kantuak, letra eta melodia batekin eta nahiz eta egitura pixka bat aldatu hortik hasten gara kantuak sortzen.

Zein ekarpen dakar lan berriak aurrekoarekin alderatuta?

Y. G.: Kantuetako hitzek aurreko diskoko lerroa jarraitzen dute, metaforak ageri dira, goibelak eta oso barrutik ateratakoak dira. Zerbait esatearren, erritmoa duten kantuak erritmo gehiago dutela esango nuke eta motelak edo pisu handiagoa duten kantuek, oraindik ere pisu handiagoa hartzen dutela disko berrian. Uste dut soinua ateratzeko erabili dugun prozesuarekin duela zerikusia. Indar handia eta sentimendu pila bat dago gure kantu berrietan.
J. A. A.: Gehiago landutako kantuak dira, ez dira ia bat-batean sortu, aurreneko diskoan bezala. Tarte honetan gure soinua definitzen joan gara eta horretara ekarri nahi izan ditugu kantuak. Baliabide gehiago izan ditugu eta esango nuke osatuagoa dela disko hau. Mimo gehiagorekin hartu dugu, hainbeste denbora geldirik egon ondoren gogo izugarria geneukalako.

Lehen diskoa bezala, zuek ekoitziko duzue lan berria?

J. A. A.: Berritasun bat dago oraingo honetan. Diskoa grabatu genuen eta gure intentzioa guk ekoiztea zen. Duela pare bat aste Elkarretik hots egin ziguten. Haiekin bildu eta koedizio moduko bat egitea eskaini ziguten. Ekoizpenari dagokionez, diskoa biniloan ere aterako dugu eta aukera emango digu promozio gehiago egiteko eta diskoa leku gehiagotara zabaltzeko, Elkar denda guztietan egongo baita salgai. Autoekoizpenaren filosofiarekin bat egiten dugu, baina aukera hau orain sortu zaigunez probatu egin nahi dugu. Jolastera gatoz eta ikusi nahi dugu nola ateratzen den. 
Y. G.: Diskoa bion artean publikatuko dugu, jabetza bion artekoa izango da, baina diskoari buruzkoa da elkarlana. Talde gisa gure erara funtzionatzen segiko dugu; Guk ez dugu managerrik eta gure kabuz lortuko ditugu kontzertuak. Elkarrek parte hartu nahi izan du disko honetan eta gu oso pozik gaude.

Noizko egongo da kalean?

Y. G.: Udazkenarekin batera espero dugu, urria aldera-edo.

Aurrerapen kantua kaleratu duzue bideoklip eta guzti: Harri.

J. A. A.: Bai. Biok argi ikusi genuen kantu horrek behar zuela.
Y. G.: Argi ikusi genuen indarra zuen kantu bat behar genuela aurkezpenerako. Hau da jendeak lehenengo entzutea nahi genuena. Erritmo azkarra dauka, dantzagarria da. Bideoklipa etxean egindakoa da Xabat Madariaga eta Jagoba Gasconek grabatu eta muntatu dute. Oso duin atera da. 

Gaurko emanaldian kantu berriak entzun ahal izango dira?

J. A. A.: Bai, zeren hurrengoa ez dakigu noiz edukiko dugun. Guk ez dugu ezer ezkutatzeko, ez dugu sekreturik, gaur daukagun hori eskainiko diegu gure herriko lagunei. Disko berriko lau kantu aurretik ere eskaini izan ditugu zuzenekoetan, baina beste lau lehenengo aldiz emango ditugu gaur. 
Y. G.: Gogo izugarria daukagu. Victor Sanchez ere bertan izango da teknikari lanak egiten.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!