"Ez geunden oso prest eskatzen zitzaigun horri erantzun bat emateko"

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 22a, 19:59

Txiki-txikitatik pasio izan denak egun ere izaten jarraitzen du; Lain taldearen amaierak proiektu berri bateko atea ireki dio.

Lain taldea 2008an eratu eta hiru disko kaleratu ostean, 2016an desegin zen. Kristina Aranzabe, billabonatarra Leire Berasaluzerekin batera Lain taldeko ahotsa izan zen. Egun ere, bere kide izan zenarekin eta Nerea Erbiti abeslariarekin batera, Joseba Tapiaren proiektu berrian murgilduta dabil.

Lain zortzi urtez izan genuen gurekin. Nola gogoratzen duzu taldearen ibilbidea?

Gorabeheratsua esango genuke. Hasieran golpetik oihartzun handia izan zuen eta espero gabeko zerbaitek harrapatu gintuen, ez geunden oso prest eskatzen zitzaigun horri erantzun bat emateko. Gero pixkana lerro horretan mantentzen saiatu ginen, eta bertan pertsona eta musikari moduan heltzen joan ginen. Gorabeherak izan genituen aldaketak egon zirenean taldean. Ni adibidez kanpora joan nintzen ikastera, Imanol, taldeko beste kidea ere bai... Aldaketa guzti horiek azkenean gure ibilbidean eragina izan zuten, eta pixkana itxiera bat bezala izan zen.

XVIII. Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zenuten 'Aukera berri bat' abestiarekin. Sorpresa handia hartuko zenuen dei hori jasotzean, ezta?

Bai, egia esan abestia ez zegoen prestatuta inongo txapelketara aurkezteko. Beraz, jolasean ibili ginen. Gainera, Leirek aurkeztu zuen abestia guri ezer esan gabe eta dena sorpresa bat izan zen, ez genekien lehiaketa horretara aurkeztu ginenik ere.

Maketa lehiaketaren ostean erabaki zenuten Lain taldea sortzea. Nola animatu zineten musika mundura salto egitera?

Ni musika munduan abesteko ideia horrekin egon naiz betidanik. Umea nintzenetik Villabonako koruan parte hartu izan dut eta beti izan da gustuko izan dudan zerbait. Nire kideek Javi, Jon, Imanol eta Leirek ere beti izan dute musikarekin harremana, ume-umetatik.

2016ko ekainean taldea desegingo zela adierazi eta azaroaren 19an eman zenuten azken kontzertua, hain zuzen Tolosako Bonberenean. Gogoan duzu azken kontzertu hura?

Bai, eta baita lehenengoa Aretxabaletako taberna batean eman genuela ere. Bigarren kontzertua, azkenengoaren antzera Tolosako Bonberenean izan zen. Leku horrekin badaukagu nolabaiteko atxikimendu berezi bat, eta azkenekoa adibidez oso berezia izan zen.

'Tximeletak' diskoa atera ostean, Lain desagertu zen... Bakoitza bere proiektuetan hasi al zen?

Bai, hori da. Nik uste dut, musikarekin behintzat, denok hartu genuela denbora bat geldirik egoteko. Batzuek aktiboago jarraitu dute, adibidez, Mikel, Joseba eta Leirek; besteok Javi, Jon eta nik gehiago egin dugu guretzat, norberarentzat. Musikarekin denok jarraitzen dugu kontaktuan, baina modu desberdinean.

Zertan ari zara gaur egun?

Oraintxe bertan musika aldetik geldirik ez nago. Gauza txikiak ari naiz egiten, batez ere Leirerekin batera. Joseba Tapiak proiektu berria atera du, eta bere taldearen parte gara abeslari moduan Leire Berasaluze, Nerea Erbiti eta ni, beste hainbat musikarirekin batera. Uztailaren 3an eskaini genuen konfinamendu osteko lehenengo kontzertua. Beraz, musikalki momentuz horrekin nabil eta ateratzen zaizkidan beste gauza batzuekin kolaborazio moduan, baina proiektu pertsonal moduan ezer ez dut.

Lain taldearen musika entzuten jarraitzen duzu?

Bai, noizean behin jartzen dut eta nostalgia puntu bat badago. Agian, Lainekin aktiboago geunden momentu horretan egin ez genuen analisia egiten ari naiz orain; gure kantak entzun, gelditu eta analizatu; beti ere distantzia batetik eta maitasun handiarekin. Beti dauzkagu gauzak hobetzeko, baina gustu handiz entzuten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!