Duela aste batzuk Santio jai batzordeak jai egitaraurik ez osatzea eta jaiak bertan behera uztea erabaki zuen. Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzueren esanetan, «zentzuz eta ardura osoz» hartutako erabaki «egokia» izan zen hura, «ez baikaude festa eta ospakizunetarako». Udalak argi utzi nahi izan du uztailaren 24tik 31ra ez dela jairik izango herrian.
Jendarteari honako deiak luzatu dizkio alkateak: «Ez etorri Amasa-Villabonara festa eta parranda egitera, ez baita horrelakorik egongo. Herriko jendeari, jaien ordezko plan alternatiborik ez osatzea eskatzen diogu. Gogorarazi nahi dugu debekatuta dagoela 10 lagunetik gorako kuadrilletan bildu eta hara eta hona ibiltzea». Unzuek aitortu du hartu behar izan diren neurriak ez direla inoren gustukoak eta udal gobernuarentzat ez dela erraza izan herriko jaiei muzin egin behar izatea. «Baina guztien osasuna jokoan dagoenean, ezin diogu arduragabekeriari inolako zirrikiturik utzi», adierazi du prentsa agerraldian.
Amasa-Villabonako Udala «kezkatuta» agertu da COVID-19aren berragertzeen berri izaten ari garen honetan. Udal ordezkariek esan dute ez dugula pandemia gainditu eta birusak gure artean jarraitzen duen artean, ezinbestekoa dela guztiok arduraz eta segurtasun neurriak behar bezala betetzea. Beti maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta jende pilaketak saihestea oso garrantzitsua dela aipatu du alkateak. «Kezkaz bizi dugu batez ere gaueko parranda giroari lotuta gazteen artean ematen ari den birusaren zabalpena eta hori Amasa-Villabonan ere gerta ez dadin neurriak hartzera behartuta ikusi dugu gure burua. Izan ere, inon ez gaude COVID-19aren agerpen eta zabaltzeetatik salbu».
Tabernen ordutegi mugatua
Udalak Amasa-Villabonako ostalaritza establezimenduen ordutegiak mugatzea erabaki du uztailaren 23tik aurrera (egun hori barne) gehienez ere 01:00 arte mantendu ahal izango dira tabernak zabalik eta ordu horretan derrigor itxi beharko dute.
«Hainbat tabernarik bere kabuz erabaki hori hartua zuten dagoeneko eta udaletik tabernari hauek erakutsi duten ardura eta zentzua txalotu nahi dugu. Espero dugu herriko tabernari guztiak modu berean portatzea eta herritarren osasuna lehenestea, norberaren interes ekonomikoen gainetik», esan du Unzuek.
Udala jakitun da prebentzio neurri honek sektorean ondorio kaltegarriak sortuko dituela, baina hobea iruditzen zaio orain neurri hau ezartzea, ondoren, birusaren zabalpena medio, are neurri zorrotzagoak hartu behar izatea baino. Norabide berean, alkateak esan du tabernak ixtean jendea kaleetan taldeetan bilduta geratzea saihestu behar dela, «ez baitugu ezer lortuko tabernak ixtearekin, ondoren jendea kalean pilatzen bada».