Koronabirusa

Elkartasuna sarearen bigarren batzar irekia egingo dute uztailaren 22an

Ataria 2020ko uzt. 17a, 13:45

Amasa-Villabonako elkartasun sareak lehen urratsa eman zuen pasa den ekainean eta orain bere jarduna definitzen hasteko bilera egingo du uztailaren 22an udaletxeko pleno aretoan 19:00etan.

Boluntarioz osatutako herritar sare honen helburu nagusia, pobrezia egoeran edo bazterketa sozialaren arriskuan dauden pertsonei beraien oinarrizko beharrak asetzen laguntzea izango da. Auzolana eta elkartasuna ardatz, pertsona guztiek eskubide guztiak izan ditzaten lan egiteko elkargunea izango da. 

Elkartasun sareak bere gain hartuko duen lehen zeregina, pobrezia egoera larria bizi duten herriko pertsonentzat elikagai bilketa eta banaketa egitea izango da. Udaleko Gizarte zerbitzuen sailarekin elkarlanean eta Gipuzkoako elikagai bankuarekin hitzarmena eginda, elikagaiak eskuratzeko zailtasunak dituzten familiei lagunduko zaie, oinarrizko beharren artean oinarrizkoena den hau bermatuta izan dezaten.

Egitasmo honetarako, udal ordezkariek proposamen bat jarri dute mahai gainean, eta bigarren batzar honetan proposamen hau jorratuko da. Bestalde, udalak Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin sinatutako hitzarmenaren ondoren, elikagai bankutik Amasa-Villabonara ekarriko diren elikagaiak banatzeko protokoloa ere aurkeztuko da batzar ireki honetan. Protokolo honen bidez, banaketa behar den bezala egingo da, elikagaiak jasotzen dituzten pertsonek behar hori dutela eta elikagaiak behar hori asetzeko helbururako izango direla ziurtatuz. 

Azkenik, azken aldian zabaldu diren zurrumurru eta esamesak izango dira hizpide. "Elikagai banaketaren inguruan, gezurrezkoak diren hainbat mezu ikusi eta entzun ahal izan dira; elikagaiak bota egiten direla, jasotzen dutenek ez dituztela jaten... Horrelako mezuek min handia egiten diote elkartasunean eta gizatasunean oinarritzen den ekimen honi eta zurrumurru horiei aurre egin behar zaie. Askotan xenofobia eta arrazismoa egoten da elikagaien banaketa egitasmoaren kontra zabaltzen diren mezu faltsuen atzean eta horri muga jarri behar zaio", esan du Amasa-Villabonako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!