Mendi martxako ibilbide motza egingo du Aizkardik

Ataria 2020ko uztailaren 6a

Martxoaren 29an egin asmo zen Aizkardiko Mendi Ibilaldia bertan behera geratu ondoren, uztailaren 19an ibilbide motza egiteko deia luzatu du Villabonako mendi taldeak.

Izena ematea derrigorrezkoa izango da. Honetarako 649 71 71 82 telefonoa eskura jarriko da astelehenetik ostiralera 20:00etatik 22:00etara. Izen emate epea uztailaren 17an amaituko da, edo bestela gehienezko mugara iristen direnean, 120 izen emate bakarrik onartuko baitituzte.

Parte hartzaileak lau taldetan banatuko dira, gehienez ere 30 pertsona izango dituelarik hauetako bakoitzak. Taldeak izen emate ordenaren arabera beteko dira. Talde bakoitzean Aizkardiko bi arduradun joango dira, ibilaldiaren abiadura eta Olantzan egingo den geldialdiko atseden denbora kontrolatzeko. Puntu honetan kotxe bat egongo da norbaitek erretiratu nahiko balu. Talde bakoitzeko parte hartzaileak konpromisoa hartu beharko dute arduradunen argibideak betetzeko, taldean elkarrekin joateko eta distantziamendu sozialeko araudia betetzeko.

Talde bakoitza Malkar plazan elkartuko da ordu erdiko aldearekin, 07:00etan hasita. Mendi ibilaldiaren iraupena gehienez ere 6 ordukoa izatea aurreikusten da, beraz, azken taldea Amasa-Villabonara 14:30 inguruan iritsiko litzateke.

"Eman izena bizkor eta gozatu Amasa-Villabonako ingurune naturalaz", aipatu dute mendi elkarteko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!