Traste zaharren bilketan jokabide desegokiak salatu ditu udalak

Ataria 2020ko uztailaren 2a

Traste zaharren bilketa Villabonan,, asteazkenetan izaten dela gogorarazi du udalak, 20:00etatik 22:00etara, ohiko edukiontzien ondoan.

Azken aste hauetan Villabonako traste zaharren bilketa zerbitzuaren erabilerak okerrera egin duela ikusi du Amasa-Villabonako Udalak: "Jendearen jokaera arduragabeengatik traste zaharrak ez diren hondakinak edozein egun eta edozein modutan utzita topatu ditugu kalean, horrek dakartzan ondorioekin; kaleak zikinak daude eta arriskutsuak izan daitezkeen hondakinak topatu daitezke kalean".

Horregatik udalak traste zaharren bilketaren erabilera egokia zein den gogoratu nahi izan du. Villabonan traste zaharrak ateratzeko eguna asteazkena izaten da, erabiltzaileek hondakin handiak edukiontzien ondoan utzi behar dituzte 20:00etatik 22:00etara. Aldez aurretik eskaera Tolosaldeko Mankomunitatera deituz egin behar da (943 67 62 16) edo www.tolosaldekomankomunitatea.eus webguneko eskaera orria betez egin behar da.

Traste zaharren bilketan honako hondakin hauek atera daitezke: altzariak, koltxoiak, linea zuriko etxetresna elektrikoak (hozkailuak, garbigailuak...), linea gris-marroiko etxetresna elektrikoak (telebistak, ordenagailuak...).  Obra hondakinak, neumatikoak, pintura poteak eta hondakin arriskutsuak ez dira traste zaharren bilketan sartzen. Horiek, kaleko edukiontzi bidez jaso ezin direnez, Tolosako edo Andoaingo garbiguneetara eraman behar dira. SAN BLAS GARBIGUNEA: Astelehenetik ostiralera 9:00-14:00 / 15:00-17:30. Larunbatak 9:00-13:30. ANDOAINGO GARBIGUNEA: Astelehenetik ostiralera 9:00-12:30 /16:00-19:00. Larunbatak 9:00-13:30.

"Sortzen ditugun hondakinak egoki kudeatzea denon ardura da, mesedez izan gaitezen arduratsuak eta saia gaitezen horrelako jokabideak ez errepikatzen", aipatu du Amasa-Villabonako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!