Merkatariek ezusteko omenaldia egin diote udalari

Ataria 2020ko uztailaren 1a

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Xabat Laborde zinegotzia ezustean hartu dituzte herriko merkatariek gaurkoan. Azken hilabeteetan udalak herriko komertzioekin izan duen jarrera eskertu die. 

Oria Merkatari Elkarteak udala omendu du alarma egoeran alboan izan dituztela eskertzeko. Udaletxearen kanpoan elkartu dira lehenik. Ondoren, Xabat Laborderi ea behera jaisterik zuten galdetu diete, telefonoz. Beatriz Unzue alkatea eta zinegotzia jaitsi dira, eta kanpoan zer zuten ikusitakoan, ezustekoa euren aurpegietan azaldu da. Dantzarien ondoren, ondorengo bertsoa kantatu diete udal ordezkariei merkatariek:

Villabonako Udala

Doinua: Habanera

Egun batetik bestera
dena iluntzen denean
herriko denda guztiak
isteko itomenean
ez da argirik ikusten
tunelaren barrenean
eskerrak Villabonako 
udalak duen bermean
bono laguntzak eskainiz
lagundu duen lanean
herritik ta herriarentzat
eredu bat azkenean
eusten gaituen sare bat
eraikiz elkarlanean
mila esker komertzio
txiki denen izenean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!