Konfinamenduaren kontu guzti honek gure gizartearen antolakuntza zentzu ugaritan, zentzu sakonenean astindu du. Zaintza. Helduen zaintza, behar bereziak dituzten pertsonen zaintza, haurren zaintza.
Entzun dut, ez mingarri izan gabe, gurasook aspertu garela gure seme-alabez, telelana aitzaki, gure irakasleriak egiten duen lana baloratu dugula eta ez garela gai 24 orduz geure umeekin elkar-bizitzeko. Baliteke kasu batzuetan arrazoia izatea, ez beste askotan ordea. Deseskaladan biluzik geratu da gure gizartean umeek duten garrantzia: ia-ia giltzapean izan ditugu, irteten utzi orduko denbora eta espazio muga deigarria izan da, baita terrazak-haur parkeak afera ere. Deigarria eta mingarria benetan.
Gurasoen zaintza lana ez da baloratzen egungo sisteman eta harago joateko ausardia hartuko dut, amaren zaintza ez da baloratzen
Gurasoen zaintza lana ez da baloratzen egungo gizarte sisteman eta harago joateko ausardia hartuko dut, amaren zaintza ez da baloratzen. Zaintza hori gure imajinazioan ama moduan ikusi garen momentutik hasten da. Txikiaren bilaketan ari garenean, gure barrenean bor-bor, eltzekoak egosten diren moduan, aste luzez goxatu dugunean. Ez da zaintzen 24 ordu etengabeko zaintzan ari den emakumea. Baditu kontrol medikuak, baditu prestakuntza saioak baina ez du gehienetan behar edo nahi lukeen moduan bizitzeko askatasuna. Lana da lehen oztopo zaintza horretan. Eta ez nuke nahi diskurtsoa nahastea, ez naiz eta ari ama den emakumeak lana uzteari buruz, egokitzeari buruz baizik. Haurdunaldian estresa sortzen duen faktore potenteenetakoa da lana, izan garapen profesionala oztopatua izatearen beldurragatik, izan egoera sozio-ekonomikoagatik.
24 orduko zaintza etengabea. Erditu berri den emakume ugarik sentitu dugu «gaur ere ez dut ba ezer egin». Ezer hori etxeko lanak, harreman edo aktibitate sozialak, materialki ikusten den zerbait gisa ikustea edo ikustaraztea behar bagenu bezala. Lagun batek kontatzen zidan aurrekoan, nekatuta zegoela, leher egina, ez zuela uste jaioberri baten zaintzak hainbeste hustuko zuenik. Senarra lanetik etxera iritsi eta hari hauxe bera kontatzean erantzuna: «Zertaz zara kexu? Ez duzu ezer egin beharrik izan eta». Gizon gazte jatorra, bere lanean bezalaxe familian ere inplikatu dena edo horretan saiatzen ari dena, baina ikusezina den lan andanari balioa jartzea kostatzen zaiona.
[...] Zainduak izango dira duintasunez ama izateaz gain emakume bagara, profesionalki garatzeko zainduak bagara, gure behar propioak asetzeko baldintzak betetzen badira
Hasierara itzuliz, zaintza da biluzik geratu dena. Nola izan naiteke zortzi orduz nitaz espero den emakume produktiboa nire lanpostuan aldi berean etxeko hiru txikiak hankapean bueltaka baditut -bejondeizuela ene txikiak!-, bakoitzari bere lanekin lagundu behar badiet, bikotekidea eta bion lanorduak gurutzatuz edo familia askotan pilatuz. Ez baita ikusten gure haurrei eskaintzen diegun guzti hori, gure haurrek behar duten gauza bakarra zerbait material edo produktibo gisa. Presentzia, kontaktua, maitasuna. Agerian geratu da kate bat garela bai ekonomikoki baina baita gizarte humano gisa. Izan ziren, bagara, izango dira. Izango gara gu geu zainduak bagara, izango dira geuk zaintzen baditugu, zainduak izango dira duintasunez ama izateaz gain emakume bagara, profesionalki garatzeko zainduak bagara, gure behar propioak asetzeko baldintzak betetzen badira. Norbera ondo sentitzeak ematen baitu besteak zaintzeko gaitasuna eta batik bat askatasuna. Emakumea ondo badago, haur horientzat ama onena izango delako. Ama onenak garelako zainduak ez izanda ere. Ama onenak gara.