Aurrekontuan aldaketak onartu ditu udalbatzak, aho batez

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 25a, 10:00

Aurreikusitakoa baino 856.000 euro gutxiagorekin, hainbat gastu eta inbertsio bertan behera utziko ditu Amasa-Villabonako Udalak.

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsatik jasotako ekarpenak aurten izan duen %20ko murrizketak, 2020ko aurrekontuan «aldaketa esanguratsuak» egitera behartu du Amasa-Villabonako Udala. Talde politiko guztien babesarekin hartu dute erabakia eta hainbat egitasmo bertan behera utzi edo gutxienez denboran atzeratuko dituzte.

Guztira, 496.463 euro aurrezpena egingo du udalak aurreikusitako gastuetatik. Xabat Laborde zinegotziak nabarmendu duenez, «nagusiki hirigintza arloko inbertsioak dira» aurtengo aurrekontuan bertan behera geratu direnak. Besteak beste, Santiago egoitzako espaloiaren konponketa (55.000 euro), industriaguneetako ura araztegira bideratzeko lanak (47.500 euro) eta udalak Kale Nagusiko 38. zenbakian duen etxebizitzaren erreforma (50.000 euro) dira aurten egingo ez diren inbertsioak. Dena den, murrizketei dagokionez Santio jaietara bideratutako diru kopurua da nabarmenena (101.386 euro). Aurten jai batzordeak festak bertan behera uztea erabaki du eta ez da jai egitaraurik izango.

Hainbat diru laguntza eta kultur ekintzetarako ezarritako partida ekonomikoetan ere murrizketak egin dira, hiru hilabetez ezin izan baita ohiko kultur eskaintzarik garatu. Ahalik eta kalte txikiena eragingo duten murrizketak egiten saiatu direla azpimarratu du Labordek: «Hainbat obrek itxaron dezakete, baina jende ugari dago egoera larrian eta horrek erantzun azkar bat eskatzen du. Pertsonak erdigunean jartzen ditugula esatean, arduraz eta koherentziaz jokatzen dugu eta baliabideak horretara bideratzen ditugu».

GIZARTE BEHARRAK ASETZEKO

2020ko aurrekontuaren berrikuspena egiterako orduan, udal gobernuak gizarte beharrei erantzuteko hainbat partida ekonomiko berri sortzea erabaki du. «COVID-19ak osasun larrialdia ekarri du eta aurreikuspen guztien arabera krisi ekonomiko eta sozial sakona datorrela dirudi. Autonomo ugarik bizi duten egoera kezkatzekoa da, aldi baterako erregulaziok enplegu erregulazioetan bilakatzeko arriskua dute, eta ondorioz, langabezia igo egin daiteke. Zaurgarrienak diren sektoreen egoera are gehiago okertzea ekarriko du horrek eta udalak horri guztiari erantzun egin behar dio», esan du Labordek.

Amasa-Villabonako Udalak 87.500 euroko kreditu gehikuntza egin du COVID-19aren ondorioei aurre egiteko. Tokiko gobernu batzarrean, esate baterako, ez ohiko Gizarte Larrialdi Laguntza berria onartu dute 18.000 euroko lerro berria martxan jarriz, egoera zailenean dauden herritarrek oinarrizko beharrak ase ditzaten. Elikagai Bankuarekin hitzarmena sinatzeko asmoa ere badute eta udaletxeko eraikinean lokal bat egokitu dute elikagaiak biltzeko. Lokala altzariz hornitzeko 4.000 euro gastatuko ditu udalak. Bide batez, 3.500 euro erabiliko dituzte gida bat kaleratzeko, «informazio gaindosia jasotzen dugun garai honetan, herritarrei informazio garden eta erabilgarria helarazteko helburuarekin».

Alkateordeak iragarri du administrazio publiko ezberdinek martxan jarri dituzten laguntzen inguruko informazioa eman eta aholkularitza jasotzeko zerbitzu berri bat ezarriko dutela. «Tolosaldea Garatzen garapen agentziarekin elkarlanean egingo dugu, hortaz, astearte eta ostegun goizetan teknikari espezializatu bat egongo da udaletxeko beheko solairuko arreta bulegoan. Zalantzak argitzea eta herritarrei gertuko arreta eta informazio egokia ematea oso garrantzitsua da Amasa-Villabonako Udalarentzat».

Berpiztu Amasa-Villabona dinamikari ere egin dio erreferentzia udal gobernuak. 50.000 euro bideratu dira arlo ezberdinetako ekimenak garatzeko, besteak beste, haurrentzako aisialdi ekintzak, udako kultur egitarau berezia, helduentzako ikastaroak edota elkartasun ekimenak. Dinamika honek dagoeneko urrats batzuk eman ditu, janari bilketa herrikoia edota osasun etxeko zein Santiago egoitzako langileei egindako omenaldiak, kasu.

«Ez ohiko garai honetan herriko ekonomia laguntzea, pertsona guztien eskubideak bermatzea, guztien oinarrizko beharrak asetzea eta herrian bizi diren herritarren ongizatea zaintzea izan behar dugu lehentasun bakarra. Ondorioz, gizarte laguntza indartzea eta dirua bertan inbertitzea erabaki du udal gobernuak», adierazi du Labordek.

KRITIKA ALDUNDIARI

Hainbat egitasmo eta inbertsio bertan behera utzi edo denboran atzeratu behar izatea «tamalgarritzat» jo du Beatriz Unzue alkateak: «Inori ez zaio gustatzen gastua murriztea, baino Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldebakarreko erabakiaren ondoren, arduraz jokatzea eta udal finantzetan desorekak saihestea tokatzen zaigu». Norabide horretan, EH Bildu udal taldearen aldeko botoekin, PSE-EEko zinegotziaren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin adierazpen instituzionala onartu du Amasa-Villabonako Udalak. Udal Finantzaketarako Foru Funtsari buruzko elkarrizketa bultzatu eta «aldebakarrez» hartutako erabakia berraztertu dezala eskatzen zaio aldundiari. Elkarlanaren aldeko apustua egitearekin batera, Gipuzkoako Finantzen Kontseilua udalekin kogobernantzarako foro bihurtzea proposatzen du udalbatzak.

Beren aldetik EAJ eta PSE-EEko udal taldeek aurkeztutako beste adierazpen bat ere onartu zuen udalak, EH Bilduko zinegotzien abstentzioari esker. Bigarren testuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udalen arteko elkarrizketarako gune bat sortzea eskatzen da. EAJko Patxi Agirre zinegotziak pandemiaren aurrean «leialtasunez» jokatu eta elkarrizketa bultzatzen jarraituko dutela adierazi du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!