AHTaren dirua gastu sozialetara bideratzeko eskatuko dute bihar

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 24a, 19:58

'Orain Ardura' ekimenak elkarretaratzea egingo du bihar, Villabonako Santiago egoitzan, 18:00etan hasita; Gizarte zerbitzu publiko eta kalitatezkoak aldarrikatuko dituzte.

Orain Ardura ekimena, krisi ekonomiko eta sanitario honetan, erakundeei funts publikoak kudeatzeko erantzukizuna eskatzen dien kanpaina da. «Pertsonen osasuna eta bizi baldintzak jokoan dauden honetan, azken horien ongizatea bermatzeko behar adina baliabideak ziurtatzea eskatzen dugu». Horretarako beste zenbait azpiegitura lan geldiarazi eta dirua gizarte beharretara bideratzeko eskatzen dute. Sortu berri den ekimenak oinarrizko beharrak asetzeko ez diren gastu «erraldoi» bezala hartu ditu Abiadura Handiko Trena, Bilbo Handian egin asmo duten Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea eta «porlanizazioaren sukarraldiko proiektu guztiak».

Joan den maiatzaren 26an hainbat kolektibo sozial eta sindikalek bultzatutako manifestu bat aurkeztu zuten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, osasun krisia gehien pairatu duten tokietan, ospitale eta zaharren egoitzetan. https://orainardura.word-press.com/ helbidean kontsultatu daiteke manifestua eta adostasuna adierazten dutenek atxikimendua gehitu diezaiokete. Bultzatzaileek adierazi dutenez, manifestuak onespen zabala izan du orain arte: 150 kolektibo sozial, ingurumenarekin loturiko talde, sindikatu eta 1.800 norbanako inguruk sinatu dute. «Eta hau kanpaina baten hasiera besterik ez da», adierazi dute Orain Ardura ekimenetik .

Bihar, osteguna, elkarretaratzeak egingo dituzte hiriburuetan eta baita zenbait eskualdetan ere. Tolosaldeari dagokionez, Villabonako Santiago egoitzaren atarian egingo dute, 18:00etatik aurrera. «Gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat hipoteka astuna ekarriko duten gizarte onurarik gabeko proiektuetan xahutzen den bitartean, gizarte zerbitzuetan baliabiderik ez dagoela salatuko dugu elkarretaratzean. Osasun eta gizarte zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak indartzeko beharra aldarrika dezagun».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!