Udalak kontrol neurriak hartuko ditu Komizar parkean

Ataria 2020ko ekainaren 20a

Ingurunea zabor eta hondakinekin zikintzen dela ikusita hartu du erabakia Amasa-Villabonako Udalak.

Komizar parkeko hainbat erabiltzaileren jokabidea "zikin eta arduragabea" dela adierazi du udalak. Zikinkeria ugari agertu da botata eta sakabanatuta egun hauetan, eta ondorioz, udaleko garbiketa zerbitzuek lan "handia" egin behar izaten dute ingurunea garbi mantentzeko.

Egoera hau behin eta berriro errepikatzen dela egiaztatuta, udalak ondorengo kontrol neurriak ezartzea erabaki du:

  • Komizar parkeko mahaiak zenbatu egin dira, mahai bakoitzak bere zenbakia izango duelarik.
  • Udaltzainek bertara joango dira eta mahai bakoitzeko arduradun bat identifikatuko dute. Ondoren, ordu batzuk igarota, udaltzainak berriro joango dira parkera, egoera ikuskatzera.
  • Mahai horretan edo inguruan zikinkeria edo hondakinak antzematen badira, dagokion isuna ezarriko zaio identifikatu den pertsonari.

Udaltzaingoak mahai bakoitzean karteltxoak ezarri ditu neurri hauen berri emateko. Honen ondoren hondakinen arazoa ez bada konpontzen, udalak ez du baztertzen neurri zorrotzagoak ezartzea eta parkera kotxez igotzea galaraztea.

Bide batez, gogorarazi dute debekatuta dagoela sua egitea horretarako ezarritako parriletatik kanpo. Izan ere, behin baino gehiagotan ikusi da sua lurrean egin dela.

Udalak arduraz jokatzeko deia egin nahi die Komizarko eta ingurune naturaletan kokatutako beste espazio publikoetako erabiltzaileei. "Inguru naturala errespetatu eta zaindu behar da, sortzen diren hondakinak jasoz eta edukiontziak erabiliz". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!