Koronabirusa

Esker hitzak, loreekin

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ekainaren 13a

"Eskerrik asko" da Amasa-Villabonako Santiago Egoitzaren eta Osasun Zentroaren atarietan irakur daitekeen mezurik ugariena. Herri omenaldia egin diete.

Amasa-Villabonako Udalak Berpiztu dinamikaren filosofiaren barruan egin duen bigarren ekimena izan da gaurkoa, eta herritarrek ondo erantzun diote deialdiari. 

Santiago Egoitzaren atarian eta Osasun Zentroaren atarian loreak eta mezuak zintzilikatzeko deia egina zuten. Lore asko eta mezu ugari izan dira utzi dituztenak. Tartean, udal ordezkariak ere aritu dira lore eta mezuak jartzen. Santiago egoitza eta osasun etxeko langileek adinekoen eta orokorrean herritar guztien arretan eta zaintzan egin duten lana aitortu, eta txalotzeko omenaldia izan da. "Osasun sistema publikoaren garrantzia azpimarratu eta langileak baldintza duinagoetan lan egin behar dutela aldarrikatzekoa", diote udal ordezkariek.

Tantaka-tantaka herritarrek ere beraien mezu eta loreak jarri dituzte. "Eutsi gogor", "Denon artean lortuko dugu", "Mila esker birusaren aurrean egindako guztiagatik" edota "Eskerrik asko zuen gogo, ilusio eta kemenagatik" dira mezu askoren artean irakur daitezkeenetako batzuk. 

Santiago Egoitzako egoiliar eta langileetako batzuk ere ate ingurura gerturatu dira esker hitz eta keinuekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!