Ez dakit zuei, baina niri kosta egiten zait elkarrizketei neurria hartzea maskaren bestaldetik. Batez ere, aurpegi gardena dutenen edo (sarri sinonimoa dena) umeen kasuan, keinurik ez ikusteak oztopatu egiten du gauza asko ulertzea. Eta hor gabiltza, erosketa ordaintzean irribarre antzuz eskertzen, nazka aurpegi inboluntarioak ezkutuan pasatzen, askatasun berriaz jabetuta erantzun txarrei ikusiko ez diguten mihia ateratzen eta konpentsazio moduan bekain ariketa atletikoak egiten.
Normalizatuta dauzkagun gainerako maskarez pentsatzera eraman nau bolada honek; eta ez naiz, inauterietan beste norbaiten itxura hartzeko erosten ditugunez ari, beste norbait izateko asmatzen ditugunez baizik. Badira maskara kosmetikoak, ustez besteak gure itxuratik «babesteko» erabiltzen ditugunak, baina bi metroko distantzia bermatu ezin dugunetan arrakalak bistan dituztenak. Badira poker maskarak, geure burua besteengandik babesteko saiakeran, emozioak kanporantz ezkutatu eta barrurantz irenstea dakartenak (tokatuko zitzaizuen maskara jantzita eztul edo doministiku egitea, ezta?). Eta badira keinu-maskarak ere, benetakoak ezkutuan pasatzeko belarritik belarrira zintzilikatzen ditugun irribarre horiek, begiei adi begiratuz gero gezurtatzen direnak (luzaro jantziz gero belarri atzeak zauritzen dituzte).
Guztietan arriskutsuenak besteen begietara ditugun maskarak izaten dira; guk soinean hartu ez arren begiradek egozten dizkigutenak. Azala izan daiteke bat. Tonu arre leunetatik marroixka gama osora zabaltzen den paleta izan arren, maskara hori, txuri edo beltz gisa ikusten ditugu. Eta zuria ez den maskara orok arnasa zailtzen du. Jantzi maskara, itxi begiak hauspez etzanda eta esan nirekin: «I can't breathe».
Maskarek arnasa eragozten dute; babesaren izenean, ito. Segurtasuna lepoa zapaltzen digun belauna da.
Maskarek arnasa eragozten dute; babesaren izenean, ito. Segurtasuna lepoa zapaltzen digun belauna da. Eta zaila daukagu geure buruagandik bi metroko distantzia bermatzen.