Koronabirusa

Osasun etxeko eta Santiago egoitzako langileei herri omenaldia egingo diete

Ataria 2020ko eka. 9a, 06:00

Berpiztu Amasa-Villabona herri dinamikaren barruan kokatu dute omenaldia eta ekainaren 13an egingo dute bi egoitzen aurrean. 

Amasa-Villabonako Udalak Berpiztu dinamikaren filosofiaren barruan, bi ekimen zehatzetan parte hartzeko deia egin du azken egunotan. Ekainaren 5ean eta 6an, elikagaien eta oinarrizko beharretarako produktuen bilketa egiten ari dira. 

Ekainaren 13an, berriz, Santiago eogitza eta osasun etxeko langileek adinekoen eta orokorrean herritar guztien arretan eta zaitnzan egin duten lana aitortu eta txalotzeko omenaldia egingo da. "Osasun sistema publikoaren garrantzia azpimarratu eta langileak baldintza duinagoetan lan egin behar dutela aldarrikatuko dugu", esan dute udal ordezkariek. 

Bide batez, herritarren "babes eta maitasun osoa" helarazi nahi diete egoitzan ingresatuta eta konfinatuta dauden adineko guztiei. 

Bi eraikinen aurrealdean guneetan lorea edo sorta bat utziz, edo bertan egongo diren soketan testu bat, argazki bat edota marrazki bat zintzilikatuz parte hartu ahal izango dute herritarrek. 

Berpiztu herri dinamika

Amasa-Villabonako Udalak uste du erantzun eta konponbide partekatuak aurkitzeko garaia dela, "gizarte gisa zein balore zaindu, babestu eta garatu behar diren adostekoa". Inor bazterrean utzi gabe komunitatea berreraikitzeko dinamika jarriko dute martxan. 

COVID-19aren krisiak eragindako behar eta arazo berriei erantzutea da Amasa-Villabonako Udalak momentu honetan duen lehentasuna  eta horretarako helburu eta neurri zehatz batzuk ezarri ditu: 

  • Muturreko probreziari eta gizarte bazterketari aurre egitea.
  • Osasun zerbitzu publikoa indartu eta adinekoen arreta hobetzen saiatu.
  • Tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreak lagundu eta bultzatu.
  • Hezkuntza eskubidea bermatu, egoerak eskatzen dituen baliabide berriak ziurtatuz.
  • Aisialdi eskaintza ahalik eta zabalena egin.

Amasa-Villabonako Udalak jendearen eta herriko kaleen bizitasuna berreskuratu nahi du eta horretarako herriko elkarte eta taldeekin harremanetan jarriko da, ekintzak antolatzeko egon daitezkeen aukeren inguruan hitz egiteko eta elkarlanerako bideak aztertzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!