Amasa-Villabonako udal gobernuak Berpiztu Amasa-Villabona izenarekin proposatu duen plana herria ekonomikoki eta sozialki berreraikitzeko "abiapuntua" dela adierazi du Arijak, baina "hobetu" daitekeela uste du, bertan jasotako neurri batzuk ez daudelako behar bezainbeste definituta. Alderdi sozialistaren proposamenak "zehatzagoak" direla eta koronoabiruask eragindako arazoei eta beharrei "anbizio" handiagorekin erantzuten dietela esan du zinegotzi sozialistak.
Herri mailan ematen diren laguntzen tramitazioan lagundu eta aholkularitza emango duen bulego bat sortzeko eta behar bezainbeste langilez hornitzeko proposamena luzatu dio PSE-EEk Amasa-Villabonako udal gobernuari.
Neurri fiskalei dagokionez, zerga eta tasen ordainketan malgutasunez jokatzea eskatu dute sozialistek, ordainketa datak atzeratzeko aukera aztertuz. OHZaren zerga eta ura edo hondakinen tasak ordaindu ahal izateko laguntza lerro bat zabaltzeko aukera aztertzea nahi du PSE-EEk, alarma egoeran itxita egon diren merkataritza eta ostalaritza establezimenduengan pentsatuta. Udalak eskaini ezin izan dituen zerbitzuen udal tasen (terrazak, euskaltegia, kiroldegia...) zati proportzionala herritarrei itzultzea proposatu du eta baita ordenantza fiskalak moldatzea, udal tasa horietan dauden hobariak berrikusteko.
Amasa-Villabonako PSE-EEk erdigunean jarri nahi du kontziliazioaren gaia eta hori bultzatzeko proposamenak luzatu ditu. Adin txikikoak edo menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko lantokian baimena eskatu behar izan duten familiek jasan duten galera ekonomikoa berdintzeko laguntza lerroak zabaltzea eskatu du. "Egoera hau oraindik ere kritikoagoa izango da langileak lantokietara itzultzen hasten direnean eta bereziki larria izango da familia monoparentalen kasuan".
Arijak merkataritza eta ostalaritza sektoreak laguntza handiagoa behar dutela uste du eta horretarako, herriko denda, jatetxe eta tabernetan erosketak egiteko kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzea proposatu du. "Ondo ikusten dugu udaletik martxan jarri den bonuen kanpaina, baina ostalaritzara zabaltzea eskatzen dugu". Aldi berean, udalak herri mailan antolatzen diren lehiaketetan ematen diren sari guztiak herriko establezimenduetan gastatzeko bonuetan emateko konpromisoa eskatu dio Arijak udal gobernuari.
Segurtasun neurriei begiratuta, musukoak, pantailak, eskularruak eta gelak erosteko merkatarientzako laguntzak eskatu ditu. Osasun zerbitzu publikoak indartzeko beharra ere ikusten du Arijak, adinez nagusi direnen kasuan, eta Gizarte Segurantzan sartzen ez diren zenbait mediku tratamendu laguntzeko aukera aztertzea nahi du. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, eskolako materiala eta umeentzako ordenagailuak Villabonako saltokietan erosteko laguntza lerroa sortzea proposatu du.
Azkenik, udal gobernuari Arijak eskatu dio kultur programazio bat martxan jartzeko, online, herriko artista eta kultur eragileekin, osasun agintariek ezarritako mugak desagertzen diren bitartean.