Ostiralean, 80 lagunentzat bertso saioa Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 1a, 11:35

Ekainaren 5ean, ostiralean, 18:30ean izango da eta 80 lagun inguru joan ahalko dira. Horretarako izena eman beharko da gaur 12:00etatik aurrera.

Gaur eguerditik aurrera eman ahal izango da izena ostiralean egingo den bertso saiorako; albiste honen amaieran dagoen loturan sakatu eta datuak bete behar dira horretarako. 80 bat lagunentzako tokia izango da, eta kopuruak zaintzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea; gehienez, bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira. 

Saioa Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amasa-Villabonako Subijana etxearen atzean egingo da ostiralean, eraikinaren eta pilotalekuaren artean dagoen Gudari Plazan; 18:30ean hasiko da. Bertsoa.eus atarian ere zuzenean eskainiko da. Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artola gai jartzen. Eguraldiak okerrera egingo balu, aterpean egingo litzateke saioa.
Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek antolatu dute saioa, Villabonako Udalaren laguntzarekin. Saioa izango den eremura sartzeko eta ateratzeko maskara derrigorrezkoa izango da, eta sartzeko ordutegiak adieraziko dira gonbidapenetan, jende pilaketak ekiditeko. Behin eremura sartuta, eta lekuan eserita, maskara kendu ahal izango da, ikus-entzuleen arteko distantziak bermatuta. Esan gabe doa, une oro antolatzaileen argibideei kasu egin beharko zaiela.

Saiorako izena emanda, gonbidapena iritsiko da adierazitako posta elektronikora ostegunean; bi gonbidapen eskatu ahal izango dira gehienez. Izena eman dutenen kopuruak zaintzeko, izen-emate orria 21:00etatik 9:00etara ez da martxan izango. Era berean, behin baimendutako 80 gonbidapenak banatuta, izen-ematea itxi egingo da. Bestalde, izena ematerako baimendutako kopurua pasa bada, jada lekurik ez dagoela jakinarazteko mezua bidaliko da.

Eman izena hemen (12:00etan izango da martxan).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!