Kontsumo bonuen salmenta «erritmo onean» hasi dute

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 26a, 17:49

Amasa-Villabonako komertzioak sustatzeko kanpaina martxan da gaurtik; 3.000 bonu banatuko dituzte, eta eguerdirako 1.000 bonu salduak zituztela azaldu dute.

Gaur goizean hasi dira kontsumo bonuak saltzen Amasa-Villabonan. Pozik agertu da udala, eguerdian egindako balorazioan. Goizean zehar, 125 pertsona gerturatu dira bonuak erostera eta dagoeneko 1.000 bonutik gora saldu direla azaldu du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak. «Erantzun horrekin, herritarrok herria berriro berpiztu nahi dugula ikusten da». Ekainaren 30a bitarte bonuak eskuratzeko aukera izango da udaletxeko erabilera anitzeko gelaren sarreran, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.

Herriko merkataritza sustatzeko asmoz, bonu bidezko kanpaina bat abiatu du udalak. Horretarako, 30.000 euro bideratu dituzte. Diru horrekin 3.000 txartel inprimatu dituzte eta bonu bakoitzak 10 euroko balioa izango du. Kontuan izanda goizean 1.000 txartel inguru saldu direla, epea baino lehen txartel guztiak amaituta izango direla uste du udalak.

Amaitu bitartean, ordea, herritarrek aukera izango dute bonu horiek eskuratzeko: 20 eurorekin hiru bonu erosi ahal izango dituzte (30€), 50 eurorekin 7 bonu (70€) eta 70 eurorekin 10 bonu (100€). Amasa-Villabonan edo Aiztondo bailaran bizi diren 16 urtetik gorakoek eskuratu ahal izango dituzte bonuak, eta pertsona bakoitzak gehienez 10 bonu erosi ahalko ditu. Alkateak gogorarazi du bonu horiek erosterako orduan, txartelarekin ordaintzea gomendatzen dutela, babes neurriak mantendu ahal izateko.

Jakinarazi dutenez, bonuak denda berean edo denda ezberdinetan gastatu ahal izango dira, eta gutxienez, 10 euroko erosketa egin beharko da.

Irailaren 30era bitarte izango da bonu horiek erabiltzeko aukera. Unzuek azpimarratu duenez, itxita egon diren komertzio horietan erabili ahal izango dira: «Denda bakoitzak ere bere muga izango du, ezin izango dituzte 400 bonu baino gehiago jaso, hau da 4,000 euro; ez baita egokia denda batzuk diru guztia jasotzea eta beste batzuk batere gabe geratzea». Horrela, itxita egon diren denda guztietara iristea dute helburu.

MERKATARIAK ERE POZIK

09:40erako ilara osatua zegoela azaldu du alkateak. «Jendea beldur zen batere gabe geratuko ote zen». Bada, bonu horiek erosi eta segituan gastatzeari ekin diote batzuk. Horrela kontatu du Arantxa Mujika Garintza mertzeriakoak: «Bonua erosi bezain pronto etorri zait bezero bat erosketa egitera; ikusten da jendea gogoz dagoela». Herritarrak bertako komertzioetan kontsumitzeko ohituraren inguruan sentsibilizatzen hasiak ote dauden susmoa du Mujikak, eta horrela jarraitzea nahi luke.

Udalak horrelako kanpaina bat martxan jarri izana egoki ikusi dute merkatari gehienek, Mujikaren arabera: «Sekulako apustua egin du udalak, eta ez dira soilik bonuak izan, diru laguntzak ere eman dizkigute itxita eduki dugunoi». Alde horretatik, eskertua sentitu da. «Gainera, ez da kontua zenbat diru irabaziko dugun, jarrera kontua da; jarrera horrek niri asko esaten dit», dio pozik, Mujikak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!