Hi, ba al hator gurekin?

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 22a, 05:59

Amasa-Villabonako Fleming herri eskolak 50 urte bete ditu aurten eta urtemuga ospatzeko 'Geroa pasaka' kantua osatu dute, ikasle ohien laguntzaz.

Berrogeita hamar urtean geroa pasaka, elkarren eskutik bidea egin. Hemen denok berdin: Hi!? Ba al hator gurekin? Beraz, hator gurekin». Oihana Iguaran Fleming herri eskolako ikasle ohi eta bertsolariak osatu ditu ikastetxearen 50. urteurreneko kantuaren hitzak. Musika jartzeko lana, umetan bertan ibilitako Iñaki Lizaso eta Yerai Gasconek hartu dute. Eta abestia osatzeko gaur egungo ikasleek, garai batekoek, irakasleek eta gurasoek parte hartu dute. Komunitate osoa bat eginda, «eutsiko gaituen hesola baita Fleming herri eskola».

Ikasturte hasieran abiatu zuten 50. urteurrena ospatzeko egitasmoa Amasa-Villabonako eskola publikoan. Aizpea Zabala, irakasle eta urteurrena antolatzeko batzordeko kideak aipatu duenez, zehatz-mehatz ez dakite noiz sortu zen eskola, baina 50 urte inguru dira Fleming izena darabilela: «Hasiera batean 50+ bezala izendatu genuen urtemuga eta azkenean egi bihurtuko zaigu, osasun egoeragatik ekitaldiak atzeratu egin zaizkigulako eta hurrengo ikasturtera ere zabalduko dugulako ospakizuna».

Iazko urrian ospatu zuten aniztasunaren festan jarri zuten abiapuntua. Orduan aurkeztu zituzten urtemugarako aukeratutako leloa eta irudia eta batzordean parte hartzen duen Iyuya Urrutiak azaldu duenez, herrian errebotearen jokoak izan duen ibilbideari keinu bat egin nahi izan zioten. «Batzordean galdetegi bat pasa ondoren jasotako proposamenekin osatu genuen 50 urtez geroa pasaka leloa. Irudian ere hori islatzen saiatu gara, herri eskolatik pasa garen guztiok osatzen dugula Fleming, eta aniztasun hori, kolore ezberdinetako pilotekin adierazi nahi izan dugu».

Eskolatik pasa diren ikasle eta irakasleekin argazki saio bat egitea izan da urtemugaren barruan antolatutako beste ekitaldi garrantzitsu bat. Pertsona jakin batzuei luzatu zitzaien parte hatzeko gonbita, baina berehala zabaldu zen asmoa herrian. Zabalak azaldu duenez, horrek adierazten du ikas-komunitatean «gogoa eta ilusioa» bazeudela zerbait berezia egiteko. «Honenbestez gu ere indartu eta motibatu egin gara, iruditzen zaigulako erantzun bat eman behar zaiola gogo horri».

Asmo horretan zebiltzan urteurrena antolatzeko batzordean COVID-19aren krisia iritsi zenean. Asmo guztiak zapuztu zaizkiela adierazi du Gotzone Bernabe, guraso eta batzordeko kideak. Ekaineko bigarren larunbatean ospatu ohi duten festa, modu berezian zetorren aurten: «Normalean umeek dantzaldi egiten dute eta gero bazkaria izaten da, baina aurten, ikasle ohiak, irakasle izandakoak, herritarrak, eta oro har, fleming-kide guztiak gonbidatu nahi genituen. Zoritxarrez ez da posible izango eta aurten ez bada, beste okasio baterako utziko dugu ospakizuna».

Festa horretan aurkezteko asmotan ziren Fleming herri eskolaren inguruan osatu den batukada. Maider Pazosek parte hartzen du taldean eta bera bezalako guraso gehiago, irakasle eta ikasleek osatzen dute 30-35 laguneko taldea. «Penaz» hitz egin du Pazosek, baina iragarri du datorren ikasturtean taldearekin jarraitzeko asmoa dutela eta bertara batu nahi direnak «gustu handiz» jasoko dituztela batukadan.

KOMUNITATE GUZTIA KANTUAN

50. urtemugak bere kantua behar zuela argi ikusi zuten batzordean, hasiera hasieratik. «Eskolan musikak garrantzia handia du, umeek kantuak eta dantzak gustukoak dituzte, beraz pentsatu genuen polita izan zitekeela. Eta zer egokiagoa, zeregin horretarako Flemingetik pasa diren ikasle ohiak gonbidatzea baino?», esan du Urrutiak.

Iñaki Lizaso eta Yerai Gascon herri eskolan ibilitakoak dira. Biak dira musikariak, lehena Bihozkada taldean, bigarrena Habin. Entsegu lokalak elkarren aldamenean dauzkate, eta beraz, elkarrekin abiatu zuten kantuaren oinarria izango zena osatzeko lana. «Rock taldeetan ibiltzen gara biak eta ez gaude horrelako lanetara ohituta, baina hasieratik argi ikusi genuen kantuak alaia behar zuela, dantzagarria, umeentzako egina eta erraz kantatzeko hitzak izango zituena», aipatu du Gasconek. «Oihanari gauzak ahalik eta errazen jartzen saiatu ginen, maketa horretan silabak grabatu genituen, gero berak letraz bete zitzan»

Akorde sekuentziak sortu eta melodia batzuk gehitu zizkioten kantuari, Lizasok azaldu duenez. Kantua «nahikoa espontaneoki» sortu dutela aipatu dute bi musikariek. Berez, ikasle ohi gehiago gonbidatu nahi zituzten abestian parte hartzera, baina alde hori «sakrifikatu» eta abesti «polita eta ahalik eta txukunena» egiten saiatu direla aitortu du Gasconek, «zaila baita hainbeste jende aldi berean elkartzea». Hala eta guztiz ere, Sin mala intención taldeko Gorka Lizasok parte hartu du ahotsa jarriz, Javi Rivero sukaldariak baxuarekin lagundu du eta gaur egun guraso den Zigor Lamprek ere egin du bere ekarpena. Gaur egungo ikasleak ere kantuan aritu dira Geroa pasaka abestian eta Elkar estudioetan egindako grabazioan parte hartu ahal izan dute.

Emaitzarekin «oso gustura» daudela aitortu dute bi musikariek eta helburuak bete dituztela uste dute. Abestia bera entzuteko aukera dago www.flemingeskola.eus helbidean. Baliabide guztiak jarri dituzte herritarren eskura, baita Eneritz Ugartemendiak eta Oier Labordek osatu duten koreografia ere. Konfinamendua hasi aurretik grabatu asmo zuten bideoklip jendetsurako prestatua zituzten pausoak. Oraingoz, gerora pasatu dute asmoa.

Abestia, letrak, koreografia eta gehiago ezagutzeko, egin klik hemen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!