Ahozko kultur sorkuntza ikertzeko deialdi berriak jarri ditu martxan Mintzolak

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 18a, 13:43
2.000 euroko bi proiektu sari eta doktorego aurreko ikerketa kontratu bat esleituko dituzte. Ekainaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak.

Edozein jakintza alorretatik abiatuta, antzerkia, bertsolaritza, kantagintza, kontalaritza edo ahozko kultur sorkuntzaren baten ikerketa egiteko aukera eskainiko du Mintzolak aurten ere: bi deialdi jarri berri dituzte martxan horretarako, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean.

Batetik, 2.000 euroko bi proiektu sari eskainiko dira: lanak urtebeteko epean egin beharko dira. Bestetik, UPV/EHUn gauzatuko den doktorego aurreko ikerketa kontratua eskuratzeko deialdia egin dute; kasu honetan, UPV/EHUko Euskara eta Ikerketa errektoreordetzek ere babestu dute deialdia.

Deialdi batean zein bestean parte hartzeko, ikerketa proposamenak ekainaren 26a baino lehen bidali behar dira, eta ebazpena uztailaren 20rako jakinaraziko da.

Pello Mari Otaño beka deialdia ere, irekita
Ekainaren 19ra bitarte aurkeztu ahal izango dira proposamenak Pello Mari Otaño bekarako: Aiztondoko ahozkotasuna eta ahozko kultur sorkuntza ikertzeko helburua duten proiektuak hartuko dira aintzat, eta hautatuak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du lana garatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!