Sekula etxean egin ez dituenak egiten ari da Eneko Gurrutxaga amasarra konfinamendu garaian: «Ariketak, pisuak altxatzen, gimnasio moduko zerbait egiten ari naiz. Ez dugu material asko, beraz, tartean imajinazioa erabiliz ari gara, sagardo kaxa pisu moduan hartu eta hankarekin altxatuz. Arrabolari nazka hartuta genion, eta orain berriz maitea dugu».
Mendi bizikletan eta mendi duatloian lehiatzen da Gurrutxaga, eta aire librean kirola egiteko aukera zabaldu zenean, hasieran egun gutxi batzuk bakarrik aprobetxatu ahal izan zituen: «Inguruko bat koronabirusarekin kutsatuta egon zitekeela eta, etxe barruan egoteko agindu ziguten. Azkenean, ez du eman positibo, eta larunbatetik berriro atera ahal izan gara».
Aukera izan duenean, goizean goizetik atera da amasarra kirola egitera, lanarekin eta haurraren zaintzarekin moldatzeko. «Faltan botatzen nuen, gozatu dut, eta berriz ere neke puntua lortu dugu», esan du Gurrutxagak. «Gustatzen zait nire burua egurtzea, baina kanpoan nagoela gozatzen, ingurugiroaz gozatzen, bai errepidean edo mendian bizikletarekin, zein korrika». Amasako Mendi Duatloiaren ohiko ibilbidea erabili du kirola egiteko, eta baita apartekoak ere: «Loatzo eta Belabieta inguruetara ere joan naiz, ahal dela itzuli handi bat egiten saiatuz, lekuak errepikatzen ibili gabe».
Garai honetarako batez ere mendi bizikletako probak egiteko asmoa zuen Gurrutxagak. Horrez gain, mendi lasterketaren bat eta enduro probaren bat egin nahi zituen. Osasun larrialdiak bete-betean eragin dio mendi bizikletako denboraldiari. «Lehenengo proba egin zen, baina horretara ezin izan nuen joan, eta gero bertan behera geratu da denboraldia. Egoera berezi hau bukatzerakoan ea posible den zerbait antolatzea», esan du amasarrak. «Badakit proba batzuk irailera atzeratu dituztela».
Hain justu, Villabonako Irrintzi elkarteak antolatzen duen mendi bizikleta martxa ez da aurten egingo. Sailkapenik gabeko kirol ekitaldia izaten da, baina hor ere parte hartzaileen artean lehiakortasun puntu bat ere izaten dela dio Gurrutxagak. «Jakin izan dut aurten urrian egin beharrean ekainean edo uztailean egitekoak zirela, baina egoera hau ikusita bertan behera utzi dute».
IRAILERAKO GOGOZ
Euskal Herriko Mendi Duatloiaren Zirkuitua aurten egin ahal izateko esperantza dute. «Egutegia ixteko gutxi falta zaigu, eta printzipioz esperantza badugu iraila iritsi eta probak egiteko. Gero errealitatea zein izango da ez dakit, baina guk indarra badaukagu, gogoa ere bai, eta ea egoerak aukera ematen digun aurrera jarraitzeko».
Parte hartzailea izateaz gain, antolakuntzan ere aritzen da Gurrutxaga, batez ere Amasako Mendi Duatloian. Probak antolatzerako bi egoera itxaroten dituztela dio: «Batetik, kirol proba batzuk irailera eta urrira atzeratu direnez, mendi duatloietara jende gutxiago etortzea. Bestetik, kontrakoa: urtean zehar ia ezer egongo ez denez, jendea irailera gogoarekin iristea eta mendi duatloietan parte hartzea, eta jende asko izatea». Mendi duatloietan distantziak mantentzeko aukerak daudela gaineratu du. Esaterako, bizikletak egoten diren boxetan beti izan da tarte bat parte hartzaile batetik bestera. «Hori bai, irteera puntuan pilatuko ginateke».
Gurrutxaga izan zen iazko Mendi Duatloiaren Zirkuituko irabazlea. «Bederatzigarrena izan zen iazkoa, eta urte batean ezin izan nuen zirkuitu guztia egin lesio batengatik, baina beste urteetan hor egon naiz, eta aurtengoan saiatuko naiz ere hor egoten. Ez agian hain indartsu, baina saiatuko gara gerra ematen». Aurtengoan kirolarien errendimendua «nahiko inkognita» izango dela gaineratu du amasarrak: «Urtero prestaketa antzekoa izaten da. Martxoan abiatu, mendi bizikletarekin lehiatu, errepidean aritu, mendi lasterketa batzuk egin... Aurten inork ez du segitu bere urteroko patroia, eta auskalo nola izango ditugun indarrak irailean».
Amasan Loatzo Igoera-Jaitsiera mendi lasterketa antolatzen dute, eta aurten apirilaren 26an zen jokatzekoa, baina bertan behera geratu zen. Oraindik ez dute erabaki aurten beste dataren batean egingo duten. «Nahiko denbora gutxian antolatu daitekeen lasterketa bat da, beraz, gobernuaren partetik baimenak daudenean probak antolatzeko, orduan eseriko gara eta ikusiko dugu zein data diren, ze gogo dauden, eta zer egutegi dagoen», zehaztu du Gurrutxagak.