Ustezko eraso matxista gaitzetsi, elkartasuna azaldu eta herritarrei deialdia egin die udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 1a, 14:38

Amasa-Villabonako Udalak gaur eguerdian Erakunde Adierazpena onartu du, bozeramaileen urgentziazko bilkuran. Balkoi eta leihoetan more koloreko bereizgarriak jartzea eskatu die herritarrei.

"Gaur goizean hainbat komunikabidetan argitaratu den albistea dela medio, gaur 12:00etan udaleko bozeramaileen batzordearen urgentziazko bilkura izan da eta bertan Erakunde Adierazpena onartu da alderdi politiko guztien arteko adostasunarekin", azaldu dute udaletik.
 
Adierazpen honen bidez, udalak bere "gaitzespena eta biktimarekiko elkartasuna" adierazi nahi izan du, "eta herritarrei dei egiten die gaur 20:00etako txalo zaparrada indarkeria eta jazarpena sufritzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko baliatzera eta etxeetako balkoi edo lehioetan more koloreko bereizgarriak jartzera".

 

ERAKUNDE ADIERAZPENA OSORIK

GERTAERAK
Pasa den astelehen arratsaldean Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu zuen Villabonan, ustez, pertsona horrek Amasako Etxezarreta izeneko baserrian emakume bat bere borondatearen kontra atxikitzeagatik. Gizonak bere haurra zaintzeko kontratatu zuen emakumea, baina etxera eraman ondoren, heriotza mehatxuekin atxiki zuen bere borondatearen kontra.


Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumeak iaz ezagutu zuen gizona. Horrek bere semea zaintzeko lana eta dokumentazioa eskaini zizkion. Emakumeak lan egiteko eskaintza onartu ondoren, gizonak Etxezarreta baserrira eraman zuen, eta sakelako telefonoa kendu zion. Emakumeak, ordea, pasa den igandean senide bati ahozko mezu bat bidaltzea lortu zuen. Senide horrek Ertzaintza ohartarazi zuen, baina non zegoen ezin izan zuen zehaztu. Ikerketa bati esker emakumea non zegoen jakin ahal izan zuen Ertzaintzak.


Hainbat egunez aritu zen Ertzaintza inguruetan emakumearen bila, eta azkenean gizona identifikatu ondoren, emakumea aipatutako baserrian zegoela ondorioztatu zen. Astelehenean Villabonako herri-gunean gerarazi zuten autoa. Emakumea hor zihoan eta askatu egin zuten. Gizona atxilotu egin zuten.

Gertaera hau dela medio, udaleko bozeramaile batzordeak urgentziazko bilera egin du gaur 12:00etan eta honako Erakunde Adierazpena onartu du alderdi politiko guztien arteko adostasunez:

1. Amasa-Villabonako udalak ustezko indarkeria matxista kasu hau erabat arbuiatu eta gaitzesten duela adierazten du 

2. Amasa-Villabonako udalak elkartasuna adierazten dio ustez erasotua izan den emakumeari, bere sendiari eta lagun nahiz gertukoei.

3. Amasa-Villabonako udalak konpromiso irmoa hartzen du genero-indarkeriaren aurka etengabe borrokatzeko, indarkeria hori pairatzen duten emakumeekiko koordinazioan eta lankidetzan, bai eta beste administrazio publikoekin ere, bide bakarra indarrak batzea baita indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko.

4. Amasa-Villabonako udalak, indarkeria edo jazarpena pairatzen ari diren emakumeei edo indarkeria zantzuak antzeman dituztenei salaketa jartzeko urratsa ematera animatu eta eskatzen die. Era berean, udal honek emakumeen kontrako indarkeria kasurik bada, Udaltzaingoarekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko edo emakumeen kontrako indarkeria salatzeko telefonoa (900 840 111) erabiltzeko deia egiten du.

5. Udalaren deia herritarrei: 

- Gaur 20:00etan etxeetako leiho eta balkoietan egiten den ohiko txalo zaparrada berezia izango da. Gaurko txaloak, konfinamendu egoeran indarkeria eta jazarpena sufritu duten edo sufritzen ari diren emakume guztiei elkartasun eta babes mezua helarazteko izango dira. 

- Udalak herritarrak animatzen ditu balkoi eta leihoetan more koloreko elementu bereizgarriak ezartzera, emakumeen kontrako indarkeria oro salatzeko.  
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!