Koronabirusa

Plaza berriak bultzatuko ditu Bertsozale Elkarteak

Ataria 2020ko api. 30a, 10:54

COVID-19ak eragin duen salbuespen egoeran, bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko, 45.000 euro bideratuko ditu bere baliabideetatik.

Elkarteak eskuartean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu behar izan ditu. Bertsolaritza mugimendu osoan eragin nabarmena izan du osasun krisiak eta ohiko bertso plaza berreskuratzeko denbora beharko dela kontuan hartuta, egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko ditu abian.

"Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da", Lanku kultur zerbitzuetako Marta Agirrezabalak apirilaren 7an Bertsoa.eus atarian egoeraren inguruan ateratako erreportajean azaldu bezala. "Lanku erabat lotuta dago plazari, lan jarduera nagusiena plaza da, eta bat-batean geratu gara", gaineratu du. Plazaren etetearen ondorioz, Lanku kultur zerbitzuak larrialdiko ABEE egoeran dago. Martxotik, 400 saio galdu direla kalkulatzen du Bertsozale Elkarteak. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro ingurukoak.

Plaza indartzeko lana

Konfinamendu garaian bertsolaritza mugimenduko hainbat eragilek Interneteko online saioak jarri dituzte martxan. Ekimen horiez gain, Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko. Maiatzaren 2tik aurrera, Internet bidezko bertso plaza aberastuko dute, garai honetarako Lankuren bidez hitzartuta zeuden zenbait saio sarean eskainita, eta bertsolariek proposamen ordainduak izatea bermatuta. Lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi dituzten edo datozen hilabeteetan saioren bat antolatu nahi duten antolatzaileei saioak online egiteko aukera eskainiko die Bertsozale Elkarteak. Lankutik saioak kontratatzen dituzten antolatzaileei eskainiko zaie aukera. Villabonako Subijana etxean prestatu dute grabaketa lekua, beharrezko osasun neurriak hartuta, baina denborarekin herrietatik saioak egiteko aukera aztertuko da, konfinamendu aginduen arabera, beti ere. Saioak osorik eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian, zuzenean edo diferituan, antolatzaileak erabakitzen duen egunean.  

Horrekin batera, esperimentaziorako gunea izan nahi du www.bertsoa.eus atariak. Horregatik beste bi ekimen ere jarriko dituzte martxan: Potokastak, bertsolari gazteei egindako elkarrizketak dira, entzutekoak; Eta Bidaiak, inertziak hautsi eta esperimentazio gunea izango dena. Ekitaldi formatuetan eta gaitegian berritzaileak izan nahi duten saioak eskainiko dira, molde ezberdinetakoak, asteazkenetan.

Lehen saioak izan dira

Lanku kultur zerbitzuen bidez antolatuta zeuden saioei bide eman die dagoeneko Plaza ekimenak. Hitzartuta zeuden saioak online eskaintzeko aukera eman zaie antolatzaileei, eta beraz, maiatzaren 2an aurkeztu zuten lehenengoa. Idoia Anzorandik gaiak jarrita, Oihana Iguaran amasarra, Jone Uria, Sustrai Colina eta Xabi igoa aritu ziren kantuan.

Hurrengo egunean, maiatzaren 3an, 18:00etatik aurrera,Erandioko Udalak antolatutako saioan, Kike Amonarriz tolosarrak jarri zituen gaiak eta bertsotan Igor Elortza eta Onintza Enbeita aritu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!