Koronabirusa

Etxean kirola eta ariketa fisikoa egiteko ekimena

Ataria 2020ko apirilaren 30a

Amasa-Villabonako Udaleko kirol sailak, konfinamendu egoera honetan herritarren osasuna zaintzeko beharrezkoa den kirol jarduera egitea sustatzeko helburuarekin hARITU ekimena jarri du martxan.

Proiektu hau garatzeko herriko hainbat kirolari boluntarioen laguntza izan dute eta udala eskertuta agertu da beren etxean bideoak grabatzeko prestutasuna agertu duten kirolari horiekin guztiekin.

Oraingoz Oihan Lopetegi, Gorka Kamio eta Jon Amiama aritu dira proposamenak luzatzen. Haurretatik gazteetara, adin tarte ezberdinetako herritarrei etxean ariketa fisikoa eta kirola egiteko aukerak erakusten dizkiete Amasa-Villabonako Udalaren YouTube kanalean. «Herritarrak etxean arituz herria harilkatzea da helburua», aipatu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Hala ere, hARITU proposamen irekia denez, herriari zerbait eskaini nahi dionak bideoa grabatu dezakeela aipatu dute orain arteko parte-hartzaileek. Horretarako, bideoa honako helbide elektronikora bidali beharko da: herriaaritu@gmail.com. Dagoeneko udalaren YouTube kanalean bost saio ikusgai dira eta honenbestez herritarrak animatu dituzte kirola egitera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!