Amasako bidearen baldintzak hobetzeko lan egingo du udalak

Jon Miranda Labaien 2020ko api. 30a, 12:53

GI-3751 errepidearen segurtasunaz aritzeko lan talde bat sortzeko konpromisoa agertu du; Gipuzkoako Senideak elkartearen adierazpena ere onartu du udalak.

Amasako herritar talde bat «oso kezkatuta» dago bertara doan errepidearen egoeragatik eta ezinegon hori adierazi diote Amasa-Villabonako Udalari. Otsailean batzar batean bildu ziren 40 bizilagun eta erabaki zuten berehala aurkitu behar zaiola irtenbide bat egoerari, ezbehar larriren bat gertatu aurretik. Udalari gaia erantzukizunaz hartzea eskatzen diote eta lehenbailehen errepidearen eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundian bilera eskaerak luzatzea. Gaia jorratzeko lan talde bat sortzea ere proposatzen dute amasarrek.

Asteartean Amasa-Villabonako Udalak egindako ohiko osoko bilkuran Xabat Laborde Hirigintza zinegotziak problematika honen berri aspalditik dutela esan zuen: «Aldapa handia dago, errepidea bi norabideetakoa da, trafiko handia ibiltzen da eta ez dago espaloirik, irisgarritasun aldetik ez ditu baldintzak betetzen eta arriskutsua da, batez ere oinezkoentzat». Udal gobernuak gaiaren inguruko erakunde adierazpen bat onartzea proposatu zien gainerako udal taldeei eta udalbatzak aho batez eman zion oniritzia testuari.

Honenbestez, Amasako zenbait bizilagunek segurtasun baldintzen inguruan azaldu duten kezkarekin bat egin eta ezinegona konpartitzen du Amasa-Villabonako Udalak. Bide batez, errepidearen eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkion neurriak har ditzan eskatu dio, ezbeharren bat gertatu aurretik, eta lehen urrats gisa, Bide Azpiegituretako sailarekin harremanetan jarriko da egoeraren berri emateko. Amasako bizilagunek eskatu bezala, lan talde bat osatuko da udalean, gai honek eramango duen ibilbidea modu adostuan gidatzeko eta amasarrek ere parte hartu ahal izango dute lan talde horretan.

GIPUZKOAKO SENIDEEN ESKEA

Gipuzkoako Senideak elkarteak erresidentzietako lan-gatazka konpontzeko eskaerarekin bat egin du Amasa-Villabonako Udalak, elkarteak aurkeztutako adierazpenari baiezkoa emanda, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EE alderdien abstentzioarekin. Elkarteak dio adinekoen arreta lehentasunezko gaia dela, presazko kontu bat, «irizpide politiko sindikalen gorabeheren mende egon ezin dena».

Adierazpen hau onartuta, Amasa-Villabonako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egiten dio behar diren neurriak har ditzan erresidentzietako lan gatazka hori konpontzeko, gatazka horrek erabateko eragina baitu adinekoengan. Aldi berean eskatzen dio familiei kobratutako kuoten eta eman gabeko zerbitzuen ehuneko zatiak itzultzeko, aurrez agertutako konpromisoa betez.

Amasa-Villabonako Udalak arreta-ratioak berriz aztertzeko eskaera luzatu dio aldundiari, «ez errentagarritasun ekonomikoaren irizpideen arabera, baizik eta mendekotasuna duten eta ahulak diren pertsonei zerbitzua emateko, zerbitzu instrumentalizatu bat baino zerbait gehiago behar baitute». Horregatik, Senideak elkarteak uste du lan gatazka konpontzeko parte diren alde guztiak bilduko dituen mahai bat eratu behar dela eta eskaera hori bera luzatu dio Amasa-Villabonako Gipuzkoako Foru Aldundiari asteartean onartutako adierazpenarekin.

Amaitzeko, COVID-19aren aurkako borrokari buruz PSE-EEko taldeak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten Amasa-Villabonako udalbatza osatzen duten alderdiek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!