Koronabirusa

Azokako elikagai saltzaileak Errebote plazara bueltatuko dira

Ataria 2020ko api. 27a, 19:18

Villabonako Errebote plazan izaten den astearte goizetako azokan elikagaiak saltzen dituzten salmenta postuak ezarriko dira bihar. Beraz, ohiko elikagai saltzaile hauek orain artean mantendu diren baserriko produktuen saltzaileei batuko zaizkie.

Covid-19aren osasun larrialdia hasi zenetik, udalak salmenta postu hauek ez ezartzea erabaki zuen jende pilaketak ekiditeko, baina oraingoan baimentzea erabaki du. Izan ere, elikagaien salmenta baimendua dago eta postu kopurua mugatua denez, beharrezkoak diren segurtasun neurriak ezartzeko baldintzak betetzen dira. Errebote plazak duen zabalera kontuan hartuta, guztira gehienez 7 salmenta postu ezarriko dira.

Besteak beste, fruta, fruitu lehorrak, gozoak, olibak, txerrikiak edota oilasko erreak erosi ahal izango dira, herritarrentzat ezagunak diren postu hauetan. Astearteko merkatura gerturatzen den jendeak ondo ezagutzen dituzten produktuak.

Segurtasun neurri zorrotzak

Oraindik Covid-19aren pandemia kontrolaturik ez dagoenez, udalak segurtasun neurri zorrotzak ezarriko ditu:

  • Postuen arteko banaketa espazioa gutxienez 4 metrokoa izango da.
  • Postu bakoitzaren aurrealdean, lurrean markak ezarriko dira bezeroen artean 2 metroko distantzia egon dadin.
  • Saltzaile guztiek EPIak erabiliko dituzte (gutxienez maskarak eta eskularruak).
  • Alkoholdun xaboiak ezarriko dira erosketak egin aurretik eskuak garbitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!