Momentuz, itxialdi behartu hau gogorra suertatzen ari zaigu denoi, baina batzuei besteei baino gogorragoa: batzuk baldintza kaxkarretan bizi dira, bakarrik bizi diren adinduak ere badaude eta etxe barruan erasotzaileak dituztenak ere badira. Eta zer esan presoek bizitzen ari diren egoerari buruz? Urteetan jasandako urruntasun eta inkomunikazio krudelei, orain isolamendua areagotzea ekarri die. Ea guk lehenbailehen etxeetatik irtetea lortzen dugun eta konturatzen garen, hormigoi, burdin eta krudelkeriez betetako munstro beldurgarri horietatik presoek lehenbailehen ateratzea lortu behar dugula.
Zaintzarena zer esanik ez. Erabateko 'normaltasun' prekarioan gaudela argi utzi du COVID-19ak
Ikasleek ere etxeetan gotortuta daude. Irakasleek, teknika berrien bitartez, haiek eskolako lanetan murgildu daitezen, ahaleginak egiten. Guraso asko noraezean. Nola lagundu ez dakitela edota ezin dutela, prestakuntza dela, metodologiaren ideiarik gabe, umeen interesa piztu ezinik… hizkuntzaren arazoekin… Arrakalak eginak daude. Eskola topagune bat da, aurrez aurre mugitzen dena. Fenomeno sozial bat. Horrela ulertzen badugu, aldaketarako bidea zabalik geratuko da. Bestalde, aurtengo ikastaroa ikastetxeetara bueltatuz ixten bada, NATURA izan dadila txikientzat behintzat, ebaluazio eremua. Eutsitako energia askatu eta oreka berreskuratzeko gune ezin hobea.
Aipatutakoak eta gehiago agerian utzi dizkigu COVID-19ak, neoliberalismoak nola ulertu eta baloratzen duen osasungintza publikoaren sistema eta produkzioarena. Zaintzarena zer esanik ez. Erabateko normaltasun prekarioan gaudela argi utzi du COVID-19ak.
Aldez aurretik aldarrikatzen ari ginen demandak greba edota mobilizazioen bitartez besteak beste erresidentzietako langileen demandak, pentsiodunenak, etxez etxeko langileenak eta beste hainbat arlotakoak berreskuratu behar ditugu. Sistema hau iraultzen dugu edo… gureak egin du!