Koronabirusa

"Hilabete luzea eman dugu ziurgabetasun handiarekin"

Jon Miranda Labaien 2020ko api. 22a, 19:59

Villabonako adinekoen zentroko langilea lasaiago agertu da COVID-19aren probak egin eta negatibo eman ondoren; Alarma egoera hasi zenetik, langileei aurreko astean egin zizkieten lehen aldiz testak.

Zer moduz zaudete? Langileak eta egoiliarrak salbu zaudete COVID-19tik?

Une honetan, Santiago egoitzako egoiliarrek eta bertan aritzen garan langile guztiok negatibo eman dugu. Apirilaren 16an egin zitzaizkigun probak langileoi eta biharamunean egin zitzaizkien egoiliarrei. Esan beharra dago hilabetez zain egon eta gero egin zaizkigula probak, hilabete luzea eman dugulako konfinamenduan eta gainera ziurgabetasun handiarekin.

Zein neurri hartu dituzue Santiago egoitzan kutsatzeak ekiditeko?

Protokoloen bitartez jakinarazi digute zein jarraibide hartu behar genituen. Bai Osakidetzatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta mutualitatetik jakinarazi zaizkigu hartu beharreko neurriak. Baina esan beharra daukagu, pertsonalki, Villabonako zentroan neurri zorrotzagoak ere hartu ditugula aste hauetan, kanpoko jendearen sarrera ekiditeko. Horregatik enfrentamendu gogor xamarrak izan genituen egoiliarren zenbait seniderekin, ez zituztelako gaixotasunaren prebentziorako hartu genituen neurriak onartzen. Sarrera mugatzeaz gainera, zentrora sartu orduko tenperatura neurtzeak egin ditugu etengabe, eskuak garbitu eta desinfekzio neurriak hartu ditugu, maskarak, eskularruak eta oinetakoentzako babesgarriak erabiliz. Egoiliarrak elkarrengandik urrundu ditugu, bata bestearengandik metro eta erdira egon zitezen denok erabiltzeko diren espazioetan eta jangelako mahaietan jankide kopurua murriztu dugu. Igogailua ere banaka erabili dugu eta ahal zen neurrian egoiliar bakoitza bere solairuan egon zedin saiatu gara. Langileok ere saiatu gara aldageletan bi kide aldi berean ez egoten eta gure uniformeak zentroan bertan garbitu ditugu. Atseden unetan ez gara bi pertsona baino gehiago bildu izan toki berean.

Zer egin duzue egoiliarren baten COVID-19arekin bateragarria den sintomaren bat agertu izan badu?

Kasu horretan, prebentzioagatik, pertsona hori eta bere gelakidea isolatu egin ditugu. Santiago egoitzan gainera, solairu bateko parte bat egokitu dugu isolatuta zeuden egoiliar hauek bertan edukitzeko.

Babesteko beharrezkoa zenituzten baliabideak izan dituzue langileok?

Norbera babesteko ekipamenduari dagokionez, momentuan geneukana erabiltzen joan gara. Kutsatutako kasurik ez dugunez izan egoitzan, materiala ez dugu faltan izan. Alarma egoera hasi zenean jabetu ginen kasu positiboren bat egongo balitz gurean, materialarekin motz geratuko ginatekeela. Berdina desinfektatzaileekin. Oso eskas ibili ginen hasieran eta faltan izan genuen uneren batean.

Suhiltzaileak adinekoen egoitzak desinfektatzen ikusi ditugu. Egin duten lanarekin nahikoa dela uste duzue?

Ez. Egoiliarren logelen desinfekzioa ere eskatzen genuen hasieran, eta konpartitutako guneak baino ez zituzten pasatzen. Gaur gaurkoz, isolatuta daudenen logelak desinfektatzeko eskatu dugu eta egin egingo direla esan digute.

Egoitzako lan taldea indartu behar izan duzue krisiari aurre egiteko?

Hasiera batean Kabiaren aldetik presio dezentekoa jaso genuen, egoitzan gertatzen zenaren inguruko berehalako informazioa eskatzen zigutelako, uneoro. Guretzako situazio berria zen hori, gain hartuta ere ibili ginen, orain arte ez dugulako sekula horrelako informazio eskerik jaso izan. Presioa sumatu genuen, bai. Gainerakoan, positiborik egon ez denez, ez dugu horrelako estuasunik pasa izan, ez langileok, ezta egoiliarrek ere. Normal xamar joan da kontua. Ez da lan taldea indartu, baina berrantolatu egin ditugu lan txandak, aitona-amonei arreta egokiagoa eskaintzeko eta isolatuta zeuden egoiliarrak hobeto artatzeko. Lan horiek egiteko denbora gehiago eta arreta handiagoa behar da, kontuz jardun behar izan dugu. Gaur egun, egoitzara sartzen garen bakarrak langileak gara, eta honenbestez, barrura birusa sartu dezakegun bakarrak gu gara. Erantzukizun handia da. Gogorra da ardura horrekin bizitzea eta saiatzen gara zama hori ahalik eta ondoen eramaten.

Erakundeen aldetik babesa sumatu al duzue aste hauetan?

Udalaren aldetik etengabeko jarraipena egon da eta euren ezinegona adierazi digute guri eta kezka agertu dute bertan bizi diren adinekoengatik. Materiala eskaini digute eta ostatu hartzeko tokirik behar bagenuen hori lortzeko prestutasuna agertu dute.

Zer moduz daude egoiliarrak?

Ondo. Egoera ezohikoa izanagatik bizitza normala daramate. Ezin dute senitartekoen bisitarik jaso eta egoera horri buelta emateko hainbat ekintza antolatzen ditugu, entretenituta egon daitezen eta bakarrik senti ez daitezen. Garrantzitsua da euren gaitasunak ez galtzea egoera honetan. Bertan behera utzi ditugun zerbitzu bakarrak podologia eta ile-apaintzailearena izan dira, kanpotik datozten profesionalak egiten dituzten lanak direlako. Ez daude, hala ere, erabat isolatuta, bideo-deiak eta telefono deiak askotan egiten dituztelako euren senideekin.

Amaitzeko, zer eskatuko zeniekete ardura dutenei?

Egoitzako langileoi testak astero egitea eskatuko genuke. Garrantzitsua izango litzateke zentroan dugun egoera hau mantendu ahal izan dezagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!