Koronabirusa

Greba digitalarekin bat egin du Amasa-Villabonako Kultura sailak

Ataria 2020ko api. 20a, 16:36

Amasa-Villabonako Udalak bat egiten du kulturgileek deitutako greba digitalarekin, eta horregatik, apirilaren 21ean eta 22an Kultura sailak ez du inolako edukirik partekatuko eta YouTubeko kanala ere ez da ikusgai egongo.

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, Euskal Herriko kulturgintza larri dagoela ikusita, apirilaren 21ean eta 22an greba digitala egiteko deia zabaldu dute 300 kulturgilek baino gehiagok. www.kulturgintzan.eus orrialdean zabaldu dute beren analisia, eta bertan topa daiteke deialdiarekin bat egiteko bidea ere.

Amasa-Villabonako Udalak ere bat egin du ekimenarekin eta ez du inolako edukirik partekatuko bi egunetan eta martxan izango da, berriro, apirilaren 23an.

KZgunearen oharra

Villabonako KZgunea koronabirusagatik itxita dagoen bitartean, herritarrek telefonoz eta posta elektronikoz laguntza izango dute zalantza teknologiko guztiak argitzeko. Hori dela eta, 943 023 685 telefono zenbakira deitu daiteke, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, edo tutor.villabona@kzgunea.net e-mailera idatzi daiteke.

Teknologiaren inguruko zalantzak hezkuntzaren arloan KZguneak lankidetzan dihardu Hezkuntza Sailarekin, euskal familiek konpetentzia digitalak areagotu ditzaten (Google Classroom, Google Drive, posta elektronikoa, bideokonferentzia bidezko eskolak...), horrela, seme-alabei gaur egun Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako ikastetxeek bidaltzen dituzten online zereginetan laguntzeko.

Era berean, hemen ikus ditzakezu KZguneak eskaintzen dituen online ikastaroak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!