Hantxe sortu zen Estitxu Fernandez Psikologo Perinatalarekin dudan harreman estua. Luze hitz egin genuen eta luze hitz egiten jarraitzen dugu, besteak beste, gizarteak emakumeok haurdunaldian, zaintzan, hazieran egiten dugun lanaz. Egun feministon artean ere eten bat sortzen duen gaia da, landu beharreko gaia, denok elkarrekin. Ama izatea aukera bat da edo hala izan behar luke. Inondik ere beharrezko emakume sentitzeko, ezta emakumeago ama izateagatik, ezta gutxiago ere.
Korapilo hori alde batera utzita ordea, kuriosoa da haurdunaldian emakumea nola zaindua den; hobeto esanda, zer gaizki zaindua den. Kontrolak ditugu, analisiak, zenbakiak eta zita ugari mediku-etxean eta zita horietako bat bera ez da espezializatutako psikologo batekin. Neurozientziek argi erakutsi dute haurdun dagoen emakume baten garunean aldaketak daudela. Pentsa, bidean galdu ditugun haurren arrastoa ere geratzen da gure garunean, batek daki zergatik edo zertarako, baina horrela da. Ez dago sentimenduez aritzeko espazio bat, sentitzen duguna azaldu eta ulertzeko denbora bat. Jarri begia laguntza bidezko haurdunaldi bilaketa prozesuetan edota adopzioetan, ulergaitza da.
Lanean estres maila altua duten emakumeak, bikote aferek eragindako emozio festa, etxeko haur txikien zainketez arduratuta barruan duenaz ia gogoratzen ez den ama. Estres sozial, laboral edota emozionala eragiten zaio haurdun dagoen emakumeari eta horretaz ez da galdetzen kontrol horietan. Pisua irabaztea garrantzizkoa dela? Noski! Baina agian argal jarraitzen duen ama hori, barrutik janda dago.
Estres sozial, laboral edota emozionala eragiten zaio haurdun dagoen emakumeari eta horretaz ez da galdetzen kontrol horietan
Covid-19aren garaiotan haurdun dauden emakume eta familiak inoiz baino zainduagoak egon beharko lukete. Kontsulta pertsonalak murriztu dira segurtasunez, emaginaren prestakuntza saioak gelditu dira osasun etxe ugarietan eskerrik asko pantailaz bestalde ahalegin bikoitza egiten ari zareten emagin izugarriei eta aldiz sarea irekita dago, pil-pilean. Nola da posible?
Helduez ari gara, gure etxeetako txikiez ere bai, baina ahaztuta dugun kolektiboa da haurdunena. Inoiz baino zaintza goxoagoa behar duen kolektiboa. Informatua eta batik bat zaindua izan behar duen kolektiboa. Emakume hauek bizitzen ari diren salbuespen egoeran, modu integral batean artatu behar ditugu: informazio egokia, profesionalen gertutasuna zalantzak argitzeko, hizketaldiak 24 ordu etxean egotean sentitzen dutenaz, hizketaldi luzeak beraien beldurrez. Kosta egiten zaigu, kosta gure gabeziez, ezinez, beldurrez aritzea. Eta hitz egiten ez dena badoa norabait, korapilatuko da nonbait. Batzuetan korapilo txikiak zurrunbilo bihur daitezke. Konfiantza da emakume horrek behar duena, informazioa, babesa, entzuten dutela sentitzea.
Konfiantza da emakume horrek behar duena, informazioa, babesa, entzuten dutela sentitzea
Baina tira, bada fenomeno kurioso bat ere. Bikotekidea duten haurdunek inoiz baino ordu gehiago dituzte prozesua partekatzeko, beren bikotekideetan oxitozina maila igotzeko, inplikazioa lortzeko eta inoiz soberan ez den konfiantza hori indartzeko.