Honezkero, taldeak proposatzeko lehen fasea bukatu dute. Hauek dira aukeratu diren taldeak: Asgarth, Autobus magikoa, Bad Sound, Betagarri, Brigade loco, En Tol Sarmiento, Etxekalte, Gatibu, Glaukoma, Huntza, Izaro, Josu Rodriguez DJ, Kaleko Urdangak, McOnak, Norte Vikingo, Skabidean, Su ta gar, Tremenda jauria, Willis Drummond eta Zea Mays.
Zerrenda hori bere horretan aurkezten du Amasa-Villabonako kultur sailak, jendeak proposatu bezalaxe. Datozen egunetan, talde horiekin harremanetan jarriko dira eta galdetuko diete ea uztailaren 28an jotzeko moduan dauden eta ea udalak duen aurrekontuan sartzen diren. Gero, hurrengo fasea etorriko da: baldintza horiek betetzen dituzten taldeen artean bozkatzea.
Argazki lehiaketa amaituta
#AmasaVillabonaEtxetik argazki lehiaketa amaitu da eta 140 argazki jaso dituzte kultura sailean. Oria merkatarien elkarteak prestatutako hiru saskiak zozkatu dira eta Itziar Eizmendi, Ainhoa Mendia eta Maite Ortiz izan dira saridunak.
Amasa-Villabonako Udalak lehiaketan parte hartu duten argazkiekin bideoa osatu du.
Ikastaroetako bideoak
Amasa-Villabonako Udalak antolatutako kultur ikastaroak bertan behera geratu dira osasun larrialdiagatik baina irakasleek euren azalpenak ematen jarraitzen dute telematikoki. Leire Martin, arte aplikatuetako ikastaroko irakasleak bigarren bideoa zabaldu du eta Anartz Zuazuak, haurren klown ikastaroko irakasleak, erronka bota die herriko haurrei.
Amavi erronka
Asteazken honetatik aurrera "Amavi Erronka" ekimena jarriko dute abian etxeko txikienekin aste santuko oporretan etxean jolasteko. Bide batez etxez etxe haurrak komunika daitezen ere bidea eman nahi dute ekimen honen bidez.
Apirilaren 8tik 19ra egunero erronka bat luzatuko diete etxeko txikienekin gainditzeko. 12 erronkak gainditzen dituzten guztiei sari eder bat bidaliko zaie etxera.
Erronkak gainditutakoan ateratako argazki edo bideoak ondorengo kanalen bidez helarazi daitezke:
- Facebooken #12erronka traola erabiliaz edo "Amavi Erronka" erabiltzailea etiketatuaz.
- Instagramen #12erronka traola erabiliaz.
- Helbide elektroniko honetara amavierronka@gmail.com bidalita.
Egunero bideo bat osatuko dute parte hartzaile guztiekin.