Koronabirusa

Akordatzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2020ko api. 4a, 09:08

Idatzi hau argitaratzen denean ere konfinamenduan batzuk partzialean; besteak osoan- jarraituko dugu. Bat-batean gure bizitzaren erritmoak guztiz aldatu dira; motorra relantian sartu dugu. 

Alabaina, kezkak eta beldurrak martxak gehituz joan dira kasu askotan. Erritmoaren geldotasunari etekina ateratzeko asmoz apalategian ditudan liburuekin aurrez aurre jarri naiz. Batzuk irakurri gabeak ditut; besteak irakurtzen hasi bai, baina utziak; eta, badira beste batzuk, kuttunak, bereziak, arrastoa uzten duten horietakoak. Azken horietakoa da niretzat Joseba Sarrionandiaren Akordatzen (2004) izeneko liburua. Kuttuna, zinez.

Oroitzapenetan bidaiatzeko proposamena egiten zaigu liburuan; lehenik, Sarrik, bere oroitzapenetan murgiltzen gaitu, ondoren, ezinbestean, norbere oroitzapenetan murgiltzen gara. Jakina da gizakiok memoriak eraikitzen ditugula, baina memoriak gu ere eraikitzen gaituela pentsatuta, aspaldi ekin nion nire oroitzapenen koadernoa idazteari. Ariketa ederra da, izan ere, memoria txarrekoa aitortzen naizenez ariketa dibertigarri bezain motibagarria iruditzen zait.

Sarriren oroitzapen horietatik testuinguru sozial eta politiko jakin bat begitantzen zaigu. Irakurleak bere senti ditzakeenak, edo, akaso, oso urruneko. Euskal Herriko historiaren hainbat gertakizun daude jasoak bertan, modu intimista eta subjektibotik ekarriak. Eguneroko zertzeladak ere jasotzen dira liburuan, esaterako, honakoa: «Estraza paperaz akordatzen naiz dendetako mostradorean egotean zela, gauzak biltzeko. Eta kontuak ere estraza paperean bertan egiten ziren, eskuz». Pentsatzen dut zuk ere, nire moduan, zure herriko denda txiki eta goxo haietako irudiak ikusi dituzula begi aurrean. Izendatuko genituzke oraindik ere dendari haien guztien izenak, ez da hala?

Oroitzea ez da norbere baitako ekintza soilik, prozesu kolektiboa ere bada. Eta ziur naiz, oroitze ariketa publikoa egitean, hau da, nire memoria aktibatzean, memoria gehiago ere aktibatu direla. Adituek diote belaunaldi bereko kideek oroitzapen partzialak partekatzen dituztela; nolabait, iraganetik memorian erregistratutako zatiak soilik gogoratzen ditugula. Honela, gizakiok oroitzen dugu bizi izan genuenari, eta, memoria kolektiboetan bizi den iraganari esker; haietatik ere ikasiz. Esan dezakegu, beraz, oroitzea sormen prozesu bat dela, non iragana egungo gizartean landu, erreproduzitu eta berrinterpretatzen den. Oroitzapena bilatzea, gogora ekartzea, oso garrantzitsua da, orainaren bat-bateko aldaketetara egokitzen laguntzen duelako. Memoriak, beraz, iparrorratz zentzu bat ematen du gaur egun.

Oroitzea ez da norbere baitako ekintza soilik, prozesu kolektiboa ere bada

Liburuaren eskema jarraituz, hainbat oroitzapen partekatuko ditut zuekin; edonola ere, guztiz nire egiten dut Sarrionandiaren hausnarketa hau: «Idatzi ezin ditudan gauzez akordatzen naiz. Baina ahaztu nahi ditudanak baino gehiago dira, seguru asko, akorduan ez ditudanak».

Nik oroitzen dut Altzingo iturriari Bi-itturri deitzen geniola, eta ondoren, hiru iturri izan zirela. Akordatzen naiz, ikastetxera bidean ekaitzak harrapatuz gero, kamioi-atoien azpian sartzen ginela eta zutik kabitzen ginela. Gogoan dut Bixagorriren artasorora baloia propio botatzen genuela, bertan sartzearen abentura bizitzeko. Akordatzen naiz Saizar etxearen alboan, Flemineko parkea deitzen genion haur parkea zegoela, eta Saizar etxearen horma zaharrean ohar baten bidez jakinarazten zitzaigula «Prohibida la entrada a partir de puesta de sol» (sic.). Loatzo irratia ere gogoan daukat. Akordatzeko garai aproposa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!