Amasa-Villabonako Udalak koronabirusan ondorioak pairatzen ari direnekin elkartasuna adierazi nahi izan du. COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoerak ondorio "latzak" ekarri dituela gogoratu du: "Amasa-Villabonara ere ondorio zitalak ekarri ditu pandemia honek eta bi pertsona hiltzea eragin du: Fermin Aristondo Artola eta Maria Jesus San Sebastian Oyarzabal. Heriotzak dakarren mina gutxi ez, eta gainera pandemia hau gehiago ez zabaltzeagatik, ezinezkoa izan da pertsona hauek merezi duten hileta edo azken agurra jaso ahal izatea, horrek dakarren sufrimendu erantsiarekin".
Hori dela eta, herritar talde batek sare sozialen bidez zabaldutako deialdiarekin bat egin du udalak, eta beraz, herritarrei egin die dei bihar, asteazkena, 21:00etan etxeetako argiak itzali eta balkoi zein leihoetatik Xalbadorren heriotzean abestia kantatzera. "Amasa-Villabonako udalaren izenean gure doluminik sentikorrenak helarazi nahi dizkiegu bi herrikide hauen senide eta lagun guztiei. Zuekin gaude!", esan du.
Era berean, udalaren izenean elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan die "etxetik atera ezinik dauden haur eta familiei, beren lana alde batera utzi beharrean aurkitu diren langile guztiei, izugarrizko lana egiten ari diren osasun zerbitzuetako langile guztiei, Santio egoitzako langile, erabiltzaileei eta beren senitartekoei, elikagaiak eta medizinak falta ez daitezen lanean diharduten guztiei eta abar". Konfinamendu arauak betetzen ari diren herritarrak zoriondu eta eskerrak eman nahi dizkie ere.