Olinpiar Jokoak atzeratuta, Arrospiderentzat aukera berria

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 31a, 11:59

Urtebete itxaron beharko da Tokion Olinpiar Jokoak egiteko. Iraitz Arrospide maratoi korrikalari billabonatarrak ondo ikusi du atzeratzearen erabakia.

Tokioko Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratu dira, Covid-19 dela eta mundu mailan ezarritako osasun larrialdiagatik. Tokiora joateko aukera izan duenetako bat Iraitz Arrospide atleta billabonatarra da. Gutxieneko marka lortu zuen maratoiko proban, baina selekzio bakoitzetik hiru korrikalari joaten dira, eta oso zaila zuen hautatua izatea. Olinpiar Jokoak atzeratzea ondo hartutako erabakia dela dio Arrospidek. Bide batez, Tokion parte hartu ahal izateko berari aukera bat zabaldu zaiola ikusten du.

Arrospidek garbi ikusten du Olinpiar Jokoak aurten egin izan balira, «jendeak ezin izango lituzkeela ondo prestatu. Diziplina askotan oraindik gutxieneko denborak egiteko eta sailkapenak lortzeko aukerak ere bazeuden. Beraz, garbi zegoen egokia zela atzeratzea. Orain ikusi egin beharko da zein egunetan jartzen dituzten datorren urtean». Hain justu, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak atzo zehaztu zuen 2021eko uztailaren 23tik abuztuaren 8ra egingo direla jokoak.

Maratoiko probara zeintzu joango ziren nahiko definituta zegoela azaldu du Arrospidek. Bi plaza irizpide jakin batzuk medio banatu ziren. Bat, Munduko Txapelketan lortutako emaitzarengatik, eta bestea, Espainiako Txapelketa irabazteagatik. «Hirugarrena emateko zegoen, baina bazirudien Hamid Ben Daoud izango zela, oso denbora ona egin baitzuen Espainiako Txapelketan», esan du Arrospidek. «Gertatzen da maratoia oso diziplina gogorra dela, eta gertatu daiteke lesio bat-edo izatea, eta orduan laugarren edo bosgarren batek ere prest egon beharra izaten du norbaitek huts eginez gero. Nire aukerak nahiko urriak ziren, baina hor nengoen zain». Erabaki horren zain zeudela iritsi da koronabirusaren inguruko egoera, eta guztiz geratu da.

Datorren urteari begira zer gertatuko den ez dago argi. «Baliteke lehen bi plaza horien irizpidea mantentzea, baina hirugarren plazarako nik uste dut aukera izango genukeela, berriz ere beste maratoi bat eginez sailkapen horretan postuak igo ahal izateko», zehaztu du Arrospidek. Oraindik ofizialki ez dagoela ezer erabakita nabarmendu du billabonatarrak. Hori bai, egoera honek berarentzat beste aukera bat suposatuko duela dio, berriz ere beste maratoi bat egin eta marka hobetzen saiatzeko. Urtebetean «gauza asko» gertatu daitezkeela esan du Arrospidek. «Urte eta gehiago izango da, eta gauzak onerako eta txarrerako aldatu daitezke. Ez dakigu nola geratuko diren gauzak, baina nik aukera bat zabaldu izana bezala hartzen dut».

Kirolarien artean orokorrean oso ondo hartu dela Olinpiar Jokoak atzeratzea uste du Arrospidek. «Baliteke kasu batzuetan ezezkoan egotea, batez ere erretiroa hartzekotan zeudenak. Urtebete atzeratzea baliteke kaltegarria izatea beraientzat. Baina maratoiaren kasuan nik uste dut denek ondo ikusi dutela, eta, noski, plaza hori irabazia zutenek espero dute mantentzea».

EUSKAL HERRIARI ADI

Ingalaterran bizi da egun Arrospide, Sheffield hirian, bere familiarekin. Unibertsitatean doktoretza egiten ari da bertan. «Gu lehenago ohartu gara zetorren egoeraz, bertakoak baino», esan du. «Adi geunden Euskal Herrian eta Espainian zer gertatzen ari zen, eta nahiko jabetuta geunden, hona iritsi aurretik. Eta ingelesak, berriz, bertara iritsi arte eta kasuak igotzen hasi arte, ez dira gehiegi arduratu». Horren adibidea da aurreko asteburura arte Arrospideren taldekideak taldeko entrenamenduak egiten ari zirela. «Nik egun batzuk neramatzan taldeko entrenamenduak egin gabe ordurako. Aurreko asteko astelehenean eman zuten agindua etxetik ez ateratzeko eta ordura arte jendea bizitza normala egiten eta lasai asko zebilen, nahiz eta jakin zer zegoen», esan du.

Etxean geratzeko agindua dago Ingalaterran, baina aukera dute egunean behin etxetik ateratzeko kirola egitera edo paseoan ibiltzera, inorekin ez elkartzeko baldintzarekin. Arrospidek etxean korrika egiteko zinta du eta egun bi aukerak baliatzen ditu. «Etxetik ateratzerakoan arduratsu izaten saiatzen naiz, eta ez naiz hiri barrura joaten, kanpora joaten naiz, inor ez dabilen lekura. Bestetik, zintarekin tartekatzen dut entrenamendua, ziur aski laster galaraziko dutelako etxetik kanpora ateratzea, eta orduan egunero zintan entrenatu beharko dut, eta hobe da pixkana ohitzen joatea».

Arrospide etxetik ari da unibertsitateko ikerketa lanak egiten, eta, bestalde, haurra zaintzen. «Haurtzaindegiak itxita daude eta nire emazteak ospitale batean egiten du lan. Ez da erraza bateratzea etxean lan egitea eta haurra zaintzea».

Lasterketa garrantzitsurik ez zuen egun hauetan egutegian, eta zentzu horretan ez dio ezohiko egoerak hainbeste eragin: «Ziurrenik, bestela ere izango zen moduan, urte bukaerarako maratoi bat planteatuko dut marka on bat egiteko. Saiatuko naiz entrenamenduekin jarraitzen eta oinarri handi bat egiten ordurako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!